Bertso Korrikaren hurrengo hitzorduak ikusi nahi?

2017/03/10
Hamahiru hitzordu izango dira datorren igandera arte: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroan. Bat-bateko emanaldiak saio didaktikoekin uztartuko dira, euskara ikasleei bertsolaritza hurbiltzeko.

Agenda betea du Bertso Korrikak. Martxoaren 7an abiatutako bertso saio kateari jarraipena emanez, hitzordu ugari izango dira Euskal Herriko hainbat txokotan AEKko euskaltegien eta bertso-eskolen sareari esker.

Asteburuaren atarian, Getxon bertso poteoa egingo dute 20:30ean abiatuta: Erromoko Gure Etxea tabernatik hasiko dira kantuan Jone Uria eta Imanol Uria. Laudion ere herritik barrena ibiliko dira Ipar Euskal Herriko, Leitzako eta Aiaraldeko bertsolariak 20:00etatik aurrera; hala, Bertsotruk egitasmoak eta Bertso Korrikak bat egingo dute Laudion. Hurrengo egunean, eta Korrika Kulturalaz gainera Zallako bertso-eskolaren 15.urteurrena dela baliatuz, bertso poteoa eta bazkaria prestatu dute hango bertso-eskolaren eta euskaltegiaren artean.

Astegunetan...

Astearen hasierako ajea kenduta, erritmoa berreskuratuko du Bertso Korrikak asteazkenetik aurrera. Iruñeko San Frantzisko eskolan, Iker Gorosterrazu, Xabi Maia, Xabi Terreros eta Alazne Untxalo bertsolariak ariko dira kantuan, Oskar Sanz de Acedoren gaiei erantzunez. 18:00etan izango da hitzordua, asteazkenean.

Ostegunean hiru hitzordu izango dira: Bilbon, Gernika-Lumon eta Zarautzen. Deustuko Bidarte aretoan izango da lehendabizikoa, 19:00etan hasita. Mikel Aiartzaguena, Oihana Bartra, Enare Muniategi eta Fredi Paia izango dira kantuan. Gernika-Lumon ere ordu berean izango da saioa, Elai-Alai aretoan. Unai “Pako” Agirre Erezuma, Amets Arzallus, Igor Elortza eta Xabat Galletebeitia izango dira oholtza gainean, Julen Erezumaren eta Leire Garatxenaren esanetara. Azkenik, Urpekoak Elkartean izango da Zarautzekoa, 20:00etatik aurrera. Joritz Bastarrika, Markel Eizagirre, Beñat Jauregi eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi” ariko dira bertsotan, Itziar Unanue gidari dela.

Ostiralean, Mungian izango dira Miren Amuriza, Aitor Esteban, Xabat Galletebeitia, eta Nerea Ibarzabal bertsotan, Bernardo Mandaluniz gai jartzen dela. 20:00etan Mugire txokoan izango da hitzordua.

...eta asteburuan

Asteburuan beste bost saio izango dira; horietako hiru larunbatean. Bernedon 13:00etan ekingo diote eguneko planari: triki-poteoa egin, eta gero bertso bazkaria antolatu dute Paula Amilburu eta Jagoba Apaolaza kantuan direla. Araban bertan, beste bertso poteo bat izango da Bastidan, baina arratsaldean, 19:00etan. Orlando Arreitunandiak gaiak jarrita, bertsotan ariko dira Unai Bengoetxea, Iker Olabarrieta eta Felipe Zelaieta. Ordubete lehenago, 18:00etan izango dute hitzordua nafarrek, Aurizberriko frontoian. Martin Azpiroz, Karine Etxeberri, Miguel Angel Ortiz de Guzman, Imanol Ubau, Unai Uberetagoena, Aitor Zazpe eta Fernando Ziganda ariko dira kantuan, Aritz Albeniz eta Txento gai jartzen direla.

Eta igandea ez da atseden eguna Bertso Korrikarentzat: Igorren eta Lasarte-Orian izango dira saioak 19:00etatik aurrera. Hain zuzen, Igorrekoa Lasarte aretoan izango da, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio bertsolariekin; eta bigarrena, Fruria Beltza tabernan. Bertso saio musikatua izango da eta Miren Artetxek, Nerea Ibarzabalek, Ane Labakak eta Alaia Martinek egingo dute bertsotan, Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikan lagun dituztela, eta Amaia Agirre gai jartzen dela.

Erradikalak gara emanaldia

Bestalde, Lanku Kultur Zerbitzuak-en eskutik eta Beatriz Egizabalek eta Ane Labakak aurkeztuta, Erradikalak gara emanaldia izango da bihar, 19:00etatik aurrera, Andoaingo Bastero Kulturgunean.

Aukera ugari Bertso Korrikaren agendan…zein saiotara zoaz zu?

Bertso Korrikak hamahiru hitzordu ditu hurrengo egunetan.