Bertso Korrikaren azken saioak izango dira datozen egunetan
Atzo abiatu zen Korrika eta hari lekua uzteko Bertso Korrikak bere azken saioak eskainiko ditu datozen egunetan.
Gaur, 20:30ean Erbitiko elkartean bilduko dira bertsotarako Ander Fuentes, Joanes Illarregi, Eneko Lazkoz eta Joana Ziganda; Arkaitz Goikoetxeak jarriko dizkie gaiak.
Asteartean bertso gosaria egingo dute Santutxuko AEKn, 10:20an: Maialen Akizu eta Oihana Bartra izango dira kantuan. Hurrengo egunean, asteazkenean, Unai Ormaetxeak bertso saio musikatua eskainiko du Zornotzako Ziztada gune askean; 19:30ean izango da hitzordua. Amaitzeko, ostegunean, Azkainen, Xumai Murua eta Aitor Servier ariko dira bertsotan.
Bestalde, Lanku Kultur Zerbitzuaken eskutik Beatriz Egizabal eta Ane Labaka protagonista dituen Erradikalak gara emanaldia eskainiko da bihar Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean, 20:00etatik aurrera.
Bertsoen bidez Korrikarekin bat egin eta gero, iritsi da tipi-tapa ezagunera batzeko garaia: kontsulta ezazu www.korrika.eus atarian ibilbidearen nondik norakoa.