Bertso Korrikarekin bat egingo du aste honetan Bertsoak

2017/03/13
Egitasmoaren lehen saioetako bat Durangoko Plateruenan izan zen eta Erika Lagomak egin zituen gai-jartzaile lanak; harekin izan zen solasean Bertsoako lantaldea.

Hiru aste eskas falta dira Korrika abiatzeko. Hasi aurreko asteetan Korrika Kulturalaren baitan Euskal Herriko hainbat txokotan giroa berotzen dabil Bertso Korrika. Egitasmoa AEKk eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutakoa da, eta AEKko euskaltegien eta bertso-eskolen sareak gauzatzen dute. Durangoko Plateruenan izan zen saioetako bat pasa den astean eta Erika Lagoma izan zen gaiak jartzen. Egitasmoaren inguruan aritu da sareko plazan lesakarra, parte-hartzaile zein antolatzaile gisa ondo baino hobeto ezagutzen baitu Bertso Korrika.

Arabako Bertsolari Txapelketako saioa izan zen larunbatean Laudion eta han botatako bertsoaldiak ere bildu ditu sareko plazak: gaur emaitzaren berri eman eta gero, bihar bertsoaldiak eta asteazkenean parte-hartzaileen hitzak izango ditugu ikusgai eta entzungai. Era berean, Gipuzkoako Herriartekoaren eta Nafarroako Txapelketaren berri ere izango dugu: lehen fasea amaitu berritan da Gipuzkoako Herriartekoa eta hurrengoa hastear da Nafarroako Bertsolari Txapelketa.

Historikoan, egun horretan bertan duela zenbait urte Berastegiko Gazte Festen baitan botatako bertsoaldiak berreskuratuko dira Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzarekin eta Hitzetik Hortzeraren aurrerapena ere ezagutuko dugu.

On egin!

Arabako Bertsolari Txapelketako azken saioaren berri, Bertsoan.