Bertso Korrikako bi saio Hitzetik Hortzeran

2015/03/31
Hitzetik Hortzerako denboraldiko azken programa euskararen inguruan ardaztuko da. Euskarara iristeko bertsoak eman dezakeenaz. Hizkuntzatik bizi da bertsoa eta bertsoak hizkuntza bizitzen du. Horren harira, hainbat iritzi jasotzeaz gain, Bertso Korrikaren baitan antolatutako bi bertso saio izango dira ardatz: Hendaiakoa eta Aguraingoa.

Hendaian Odei Barroso, Miren Artetxe eta Egoitz Zelaieta izan ziren kantuan, eta Agurainen, Xabi Paya, Ruben Sanchez, Oihana Perea eta Onintza Enbeita. Bertako giroa eta bertsorik onenak eskainiko dira.

Eta horretaz gain Bergaran Erramu Zapatuko saioa. Aurten, Iker Iriarteren gidaritzapean, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Iker Zubeldia, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga ziren kantuan. Saio bizi eta umoretsua atera zen eta hango bertsoaldiekin osatuko da programa.

Denboraldiko azken programa izango da igande honetako. Guztira hogeita sei programa egin dira eta 2014ko udazkenean hasi zena, udaberrian bukatuko da. Bide horretan bertsoak eta bere ingurua gerturatzea izan da programaren ahalegina, eta horretarako bidelagun izan ditu bertsolariak, saioen antolatzaileak,  entzuleak eta telebistatik jarraitu gaituzten guztiok.

HITZETIK HORTZERA, igande bazkalostetan ETB1n. Eta eitb nahieranen.

Denei gure eskerrik handienak eta hurrengo denboraldian bueltatuko garen esperantzarekin agur bero bat. 

Ruben Sanchez, Onintza Enbeita, Xabi Paya eta Oihane Perea Agurainen Bertso Korrikaren baitan antolatutako saioan