Bertso Korrika, Bideo-kopla lehiaketa eta “Bertsolaritzaren sekretuak”, Korrika Kulturalaren barruan
2015/02/09
Bertsolaritzarekin lotutako hainbat ekimen egingo dira Korrika Kulturalaren barruan. Datorren asteazkenean abiatuko da Bertso Korrika zirkuitoa Hendaian. Horrez gain bideo-kopla lehiaketa martxan da eta “Bertsolaritzaren sekretuak, Isilduriko emakumeen historia” ikuskizuna, eskainiko da hainbat herritan.
Bertso-eskolek, AEK-k eta Bertsozale Elkarteak pasa den 2013ko Korrika edizioan abiatu zuten ekimena da, aurten ere berrituko dena: herrietan Korrika girotzeko osatu den bertso zirkuitua, nagusiki ostatuetan egingo dena.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Korrikak elkarlanean, bideo-kopla lehiaketa jarri dugu martxan. Ekimenak helburu bikoitza du: alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta, bestetik, bertsolaritzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituen aukerak erakustea.
Euskalduntzean ari diren erakunde guztietako euskaltegiko talde zein praktika egitasmoetako talde guztiei zabalik dago bideo-kopla lehiaketa. Helduen euskalduntzea dute koplak egiteko gaia eta horrekin sei koplaz osatutako bertsoaldia idatzi behar dute eta bideoz grabatu.
Bideoak martxoaren 9a baino lehenago bidali behar dira korrika.aek@gmail.com helbide elektronikora. Martxoaren 15ean jakinaraziko dute saritua nor den. Bertsozale Elkarteko kideek egingo dute lehiaketako epaile lana.
Irabazten duen taldeak bi bertsolarirekin sagardotegi batean afari edo bazkari bat izango du sari.
Halaber, Korrika Kulturalaren barruan “Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia” ikuskizuna eskainiko da hainbat herritan.
Historiak sekretuan gorde ditu mendeetan zehar izan diren emakume bertsolariak. Emakume hauen lana gaur egunera iristeko zailtasun asko izan badira ere, -beraien bertsoak erre, gorde eta isildu baitira-, batzuk errekuperatzea lortu da.
Emakume bertsolarien ikurra izan zen Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena, “Xenpelar” zenaren iloba. Joxepa Anttoni ez zen aurrena izan, ezta azkena ere. Joxepa Anttonirena bezala, askoren ezagutza galdu da bidean eta isilduriko emakumeen historia ekarri nahi da argitara.
Ikuskizunaren bitartez emakume haiek bizi izandako egoerak, denboran eta espazioan atzera eta aurrera, narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta argitara ekarri nahi izan dute.
Ekimen hauen guztien inguruko informazio zehatza www.korrika.eus webgunean aurkituko duzue.
“Bertsolaritzaren sekretuak” lehen emanaldiak:
Otsailaren 22an, Hernaniko Biteri Kultur etxean
Otsailaren 26ean, Iruñeko Antzerki Eskolan.
Martxoaren 7an, Mungiako Olalde aretoan.
Martxoaren 8an, Elizondoko Arizkunenea aretoan.
Martxoaren 14ean, Eskoriatzan.