Bertso jarriak protagonista, Hitzetik Hortzeran

2020/11/05
Historiako gertakari asko bertsopaperei esker egin dira ezagun; baina zenbat dakigu bertsopaperen inguruan, eta zein funtzio betetzen dute gaur egun? Unai Agirreri galdetuko diogu horri buruz, eta Eñaut bere anaiarekin batera sortutako emanaldiaren inguruan ere arituko gara. Larunbatean, 21:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta igandean bigarren aukera, 15:00etatik aurrera.

Bertso jarriekiko zaletasuna gaztetatik datorkio Unai Agirre bertsolariari. Bertso mordoa jarri izan ditu bere ibilbidean, eta are gehiago irakurri izan ditu besteek egindakoak. Eñaut Agirre bere anaiarekin partekatzen duen pasioa da, eta horregatik sortu zuten elkarrekin Auskalo zeinek jarriak: atzoko eta gaurko egileen bertso jarriak jendaurrean kantuz ezagutzera emateko emanaldia. Larunbateko Hitzetik Hortzeran Unai Agirrek bertsopaperei loturik izan dituen bizipenak ezagutuko ditugu.

Bertsopaperak zein plazako bertsoaldiak

Eñaut Agirre eta Unai Agirre bertsolarien Auskalo zeinek jarriak emanaldiko sorta batzuk entzuteko aukera izango dugu larunbatean, Imanol Kamio eta Joxan Goikoetxea musikariek lagunduta. Gainera, Larrabetzuko eta Zumaiako jaialdietako bertsoaldi hautaketaz gozatzeko aukera izango da.

Bertsoaldi kutuna, Irungo bertso-eskolako kideen kontu: Iker Altuna eta Irati Alcantarilla kideek Aitor Sarriegiren bertsoaldi bat gogoraraziko digute.

Larunbatean, 21:00etan, izango da Hitzetik Hortzera ETB1en; eta bigarren aukera izango du bertsozaleak igandean, 15:00etatik aurrera. EITB Nahieran ere ikusgai eta entzungai izango da bertsolaritzaren inguruko programa.

"Auskalo zeinek jarriak" emanaldiko sortak, Hitzetik Hortzeran.