Bertso jarriak Hitzetik Hortzeran

2023/12/21
Eñaut Agirre bertsolaria eta bertso jarriak izango dira aste honetako protagonista. Larunbatean, 21:00etan, ETB1n.

Denboraldi honetan zenbait bertsolariren bertso jarriak eskaini dira Hitzetik Hortzeran. Hori dela eta, bertso jarriei buruz eta hauen funtzioei buruz hitz egiteko elkarrizketatuko du Mirari Martiarenak Eñaut Agirre bertsolaria. Ezaguna da hernaniarra bertso jarrien zalea izateaz gain, abestu ere egiten dituelako.

Etxean eta bertso-eskolan, umetatik egon dira bertso jarriak presente Eñaut Agirreren bizitzan. Bakarrik dagoenetan abesteko ohitura ere izaten du: errepikatuaren errepikatuaz ikasi ditu hainbeste sorta buruz. Bertso jarrien funtzioaz arituko dira hizketan Eñaut eta Mirari, Euskal Herriaren historiaren zati bat bertso jarrietan topatu baitaiteke.

Auskalo zeinek jarriak izeneko emanaldia kasualitatez sortu zuen Unai Agirre anaiarekin batera. Bertso zahar eta berriak abesten dituzte herriz herri. Bertso jarriak kantatzeaz gain, sorten historiak eta azalpenak ere ematen dituzte Agirre anaiek. Bertso jarri horietako batzuk entzuteko aukera ere izango da programan.

Agin Laburu

Agin Labururen bertso jarriekin osatuko da programa: Astigarragan egindako Orri zuriak betetzen dokumentalean bildutako familia baten gertaera gogorrei jarritako bertsoak. Orri zuriak izenburuko sortan Gerra Zibilean gertatutako bere herriko pasartea ekarri du bertsotara Aginek.

XILABAko finaleko bertsoaldiak

Aiherran egin zen XILABAko taldekako finaleko bertsoaldiak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Muttikoak eta Hazparke taldeak aritu ziren kantuan.

Muttikoak taldea Haize Lekuonak, Ibai Lekuonak, Irati Alcantarillak eta Miren Artetxek osatu zuten. Hazparke taldea, berriz, Irantzu Idoatek, Nahia Sascok eta Ortzi Idoatek. Gai-emaile lanetan, Amaia Castorene eta Xalbat Alzugaray aritu ziren.

Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan ETB1en.

Eñaut Agirrerekin elkartu da Mirari.