Bertso irakasleak behar ditugu hezkuntza proiektuan parte hartzeko

2024/06/05
Euskal Herri osoan eskaintzen ditugu bertsolaritza eskolak, hezkuntza arautuan zein bertso-eskoletan. Zure garapen profesionala hezkuntzarekin eta bertsolaritzarekin lotuta ikusten baduzu, gurekin lan egiteko aukera daukazu.

Hezkuntza arloan martxan daukagun proiektuaren baitan, bertsolaritza saioak eskaintzen ditu Bertsozale Elkarteak hezkuntza arautuan zein bertso-eskoletan. Horretarako, 55 irakasletik gora ditugu momentu honetan lanean: jardun iraunkorrarekin zein orduka. Irakasleen barruan, perfil desberdinekoak daude: hezkuntza arautukoak eta bertso-eskoletakoak:

Hezkuntza arautuko irakasleak:

Bereziki Lehen Hezkuntzako edo Lehen Mailako 3. zikloan eskaintzen dira eskolak, baina 2. zikloan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta kolegioan ere ematen dira; baita, lizeoan ere. Bertsolaritza klaseak ikasturte osoan dira: euskara ikasgaiaren barruan izan ohi da, eta ikastetxearekin adosten da ordutegia. Bertsozale Elkarteko irakasleak bideratzen du ikasgelako dinamika, eta tutorea ere gelan izaten da. Gure irakasleek bertsolaritzaren ezagutza sakona dute, eta hizkuntzari edota hezkuntzari lotutako titulazioak izateaz gain, formazio saioak jasotzen dituzte Bertsozale Elkarteak antolatuta.

Bi lan-eskaintza desberdin daude:

  • Jardun iraunkorra dutenak: urte osoko lana edo epe luzekoak dituzte eta jardun osokoak dira.
  • Ordukako irakasleak: ikastaroak edo ordezkapenak egiten dituzte.

Bertso-eskolako /bat-bateko taldeetako irakasleak:

Hezkuntza araututik kanpo eskaintzen dituzte eskolak, bertso eskoletan. Orduka lan egiten dute eta eskola orduetatik kanpo.

Curriculumak bidaltzeko bideak

Zure garapen profesionala hezkuntzarekin eta bertsolaritzarekin lotuta ikusten baduzu, eman izena zure herrialdeko lan-poltsan. Herrialde bat baino gehiago ere aukera ditzakezu formularioaren barruan:

Bertso munduko eskarmentua eta tokian tokiko erreferentzialtasuna baloratzen dira hautaketa prozesuan. Beraz, lan poltsako zerrendaren arabera funtzionatu beharrean, momentuko beharren arabera hautatzen dira irakasleak.

Informazio gehiago eta lan-baldintzak jakin nahi izanez gero, jarri harremanetan zure herrialdeko elkartearekin.

Hezkuntza arautuko proiektuaren ibilbidea

Nafarroan abiatu zen hezkuntzako proiektua 1985ean, ikastetxeetatik jasotako eskariari erantzunez. Urteetako ibilbideari esker, euskararen eremu osora zabaldu gara: Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Araban, Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasturtero 29.000 ikaslek baino gehiagok lantzen du bertsolaritza ikastetxean, Bertsozale Elkarteko 55 irakasleren eskutik. 400 ikastetxe eta 200 udal ingururekin ari gara elkarlanean, egoera soziolinguistiko oso ezberdinetan. Helburua, bertsolaritzaren bidez umeen hizkuntza gaitasunean eta, bereziki, ahozkotasunean eragitea da.

Gure metodologia eta materiala ezagutu nahi badituzu, webgune honetan aurkituko duzu.