Bertso eskoletako irakasleek formakuntza eta materialgintzari buruzko jardunaldia egin dute
Amasa-Villabonako Subijana etxean elkartu ziren azaroaren 26an Euskal Herriko bertso eskoletako irakasleak formakuntza eta materialgintzari buruzko jardunaldian. Bertsozale Elkarteko eragileek antolatu zuten ekimena, Euskal Herri osoko bertso eskoletako irakasleak gonbidatu ziren eta 30 lagunetik gora batu ziren. Giro ederrean egin zuten goiz-pasa.
Partaide bakoitzaren aurkezpena egin ostean, irakasleek beren egunerokoan bizi duten esperientzia trukaketa aberatsa egin zuten. Ondoren, bertso eskoletako errealitate desberdinak aztertu ziren talde txikietan. Kasuistika bakoitzean ikasturteko helburuak zeintzuk izan daitezkeen eta eskola bat nola prestatu landu ziren.
Umeen, gaztetxoen eta helduen bertso eskolak ere izan ziren mintzagai, bakoitzaren ezaugarriei buruz eta dauden beharrizanei buruz hitz egin zen.
Jardunaldia biribiltzeko, eragileek bildu duten eta sarean jarri den bertso eskoletarako materiala aurkeztu zen: ariketak, doinuak, jolasak… Material bateratu hau, irakasle denek edukiko dute eskuragarri eta norbere ariketekin elikatzeko aukera ere edukiko dute. Horren asmoa, denon artean osatuko den datu basea sortzea da. Datu basea, uneoro erabilgarri egongo da eta bertso eskolen egunerokoan lagunduko du.
Eguna balorazio txiki batekin eta formazioan dauden beharrizanak identifikatzearekin amaitu zen, betiere aurrera begira eman beharreko pausoak lantzeko eta beharrizanei ahalik ondoen erantzun ahal izateko.