Bertso Eskolen Eguneko bazkarirako txartelak, asteazkenera arte

2017/09/22
www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke txartelak; irailaren 27ra arte izango dira eskuragai.

Irailaren 30ean izango da 2017ko Bertso Eskolen Eguna, Seguran. Egun osorako jaia antolatu du aurten ere Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak, eta tartean baita bazkaria ere: bazkarirako txartelak eskuragai daude datorren asteazkenera arte, hilaren 27ra arte, www.bertsosarrerak.eus atarian. Hala, txartelak erosteko epea zabaldu da hiru egunez.

Elorripe herriko tabernan emango zaio hasiera festari irailaren 30ean, 12:30ean. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan, Iparra-Hegoaren eskutik eta bazkalostean, Bertsotruk bertso eskolen arteko desafioen hirugarren edizioa aurkeztuko da parte-hartzaileekin. 2015ean antolatu zuen lehen aldiz ekimena Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak eta geroztik hainbat bertso eskolak hartu izan dute parte: guztira, urtero 30 bat saio egin izan dira bertso eskolen artean, beren arteko harremana sendotuz.

Jarraian, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdeneko saioari egingo zaio bide, eta hura amaitzean, Bertso Eskolen Egunak jarraipena izango du: 20:00etan, afari mokadua eskainiko du Elorripe herriko tabernak eta Julene Otaegi eta Jone Uria trikitilariek girotuko dute otordua. 23:00tan, eMePebo5t taldearen kontzertuak amaituko du eguna.

Hurbildu zaitez Euskal Herriko bertso eskolen festa handira!

Hiru egunez luzatu da bazkarirako txartelak eskuratzeko epea.