Bertso Eskolen Egunari begira jarriko da Bertsoa
Zaku bete kontu dakar aste honetan ere Bertsoak, sareko plazak. Larunbatean Bertso Eskolen Eguna ospatuko denez, antolatzaile lanetan aritu diren bi kiderekin izan da Bertsoa: Aguraingo bertso-eskolako Oier Arbina eta Zarauzko Onintza Garcia. Bertso-eskolen lanaz eta larunbateko egunaz ariko zaizkigu bi kideak.
Bestalde, azaroaren 18an eta 25ean egingo diren Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien inguruan ariko da Bertsoa: Mintzolako Karlos Aizpuruak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroko Nere Erkiagak azalduko dituzte jardunaldi hauen nondik norakoak.
Bertsoaroaren baitan, urriaren 29an Iruñean eskainitako bertso-jaialdia plazaratu du gaur Bertsoak. Pasa berri den asteburuan bukatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenak eta Eskoriatzako bertsoaldiak ere entzungai izango dira bihar; fase honen balorazioa eta orain arteko bertso-bilduma ere osatuko du sareko plazak.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak aste honetan atseden hartuko duen arren, bertsoak entzuteko bestelako aukerak izango dira, Bertso Eskolen Eguna barne, eta horien berri ere emango du Bertsoak: batetik, ostiralean izango den BAT Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketaren inguruko xehetasunak ekarriko ditu eta bestetik, larunbatean Ezkio-Itsason izango den Kapulana bat zintzilik emanaldiaren gaineko erreportajea. Bertso-saioetara joaten den publikoarengan ere jarriko du begirada Bertsoak.
Ostiralean, astea amaitzeko, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz bertsoaldi bat berreskuratuko du Bertsoak; kasu honetan, San Martinak izango dira aitzakia. Hitzetik Hortzeran izango denaren berri ere izango dugu Bertsoan, sareko plazan.