Bertso eskolak erdigunean

2021/03/17
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta zuzendaritza taldeko kidea izan da urte luzez Saroi Jauregi Aiestaran. "Gero(r)a mugitzen" Bertsozale Elkartearen aldizkarian idatzitakoa berreskuratu dugu aste honetan, gure blogean.

Bertsolaritzaren mugimendua bizi-bizirik dago Gipuzkoan, eta jende asko biltzen du mugimendu horrek gainera. Gipuzkoako Bertsozale Elkartea mugimendu horren eragileetako bat da, baina ez da bakarra, ezta gutxiagorik ere. Gipuzkoako bertso mugimenduaren ezaugarrietako bat izan da eta da eragileen aniztasuna, eta, aniztasun horretan, aipatzekoak dira bertso eskolak.

Gipuzkoako herri askotan daude bertso eskolak, eta haietako batzuk bailaraka antolatuta ari dira lanean gainera. Elkartearekin elkarlanean jarduten dute batzuetan, eta mugimendu autonomo gisa beste batzuetan, elkarren babesean.

Haiek antolatzen dituzte herrialdearen luze-zabalean urte osoan antolatzen diren ehunka saioetako asko; tartean, gazteei plazaratzeko aukera ematen dieten sariketak

Aniztasun horrek kuantitatiboki eta kualitatiboki aberasten du bertsoaren mugimendu osoa Gipuzkoan, eta guztien artean elikatzen dute bertsoaren ekosistema. Haietatik sortzen dira bertsolari belaunaldi berriak, eta baita epaile, gai jartzaile eta antolatzaile berriak ere. Haiek antolatzen dituzte herrialdearen luze-zabalean urte osoan antolatzen diren ehunka saioetako asko; tartean, gazteei plazaratzeko aukera ematen dieten sariketak.

Garrantzitsua da, beraz, bertso eskolak erdigunean jartzea, eta haien beharrak kontuan hartzea. Hala nahi dutenei egituratzen lagundu eta behar dituzten baliabideak eskura jartzea dagokigu. Hortxe dago Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen oinarria eta abiapuntua. Elkartearen langintza nagusia da hezkuntza arautuan Gipuzkoa osoko ikastetxeetan haurrei bertsolaritzarekiko interesa piztea, eta proiektu horretan parte hartzen duten ikasleen eta inguruko bertso eskolen arteko zubi lanak egitea, etorkizunean ere bertso eskolak indartsu egon daitezen eta mugimenduak bizirik iraun dezan.