Bertso eskola izango du gai Bertso Eguneko emanaldiak

2019/01/14
Urtarrilaren 26an izango da Barañainen. Bazkarirako eta arratsaldeko saiorako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

"Bertso eskolako kide guztiak identifikatuta sentitzeko moduko saio bat ari gara prestatzen", azaldu digu Nerea Ibarzabal bertsolariak. Bera eta Edurne Azkarate aritu dira Bertso Eguneko arratsaldeko emanaldiaren gidoia prestatzen. ETB1eko Aulki Jokoan ezagutu genuen aurkezleak gidatuko du saioa: "Oholtzan gaudenen eta publikoaren arteko mugak hausteko aukera egokia izan daiteke", aipatu digu Azkaratek. Bertso eskola izango du gai emanaldiak. Arrazoia? "Bertso Eguna ibiltaria eta formatuz aldakorra izango zela erabaki genuen, eta hau bigarren edizioa izango da. Aurten, gainera, Bertso Eskolen Eguna eta Bertso Eguna bateratu ditugu", argitu du Jone Uria Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak. Horratx.

19:00etan hasiko da saioa Barañaingo auditorioan eta Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Galletebeitia izango ditu protagonista. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta Bertsozale Elkarteko bazkideok deskontua duzue.

Eguna, ordea, ez da horretara mugatuko: egun osoko plana eskaintzera gatoz eta. Goizetik hasi eta gauera arte. 11:00etan, Enkarguz emanaldiaz gozatzeko aukera izango da udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Andoni Egañak, Xabi Zabalak eta Alberto de Abajok prestatutako ikuskizuna da, Lanku Kultur Zerbitzuek bideratuta. Jarraian, poteoa egingo dugu tabernaz taberna: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa bertsolariak ariko dira kantari.

Bazkaria Barañaingo udaletxearen aurrean atonduko den karpan izango da, 15:00etan. Bazkaltiarrak epel egon daitezen prestaturiko karpa izango da eta Iparra-Hegoa ekimeneko lagunak ariko dira sukaldean; sorpresarik ere ez da faltako. Bazkarirako txartelak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Arratsaldeko bertso jaialdiaren ondotik izango da festa nola luzatu: 21:30ean kontzertuak izango dira Barañaingo udaletxearen aurrean jarriko den karpa horretan bertan: Oinutsik, Hezurbeltzak eta Kasu taldeak ariko dira. Doakoa da sarrera.

Elkarlan handiaren emaitza da 50.Bertso Eguna ere. Bertsozale Elkarteko lantaldea ez ezik, gidoilari taldea, bertso eskolen batzordea eta Barañaingo  bertso eskola buru belarri baitabiltza, besteak beste. "Ilusioa egiten digu Bertso Eguna gure herrian ospatzeak. Barañainen euskararentzat arnasgune ederra da bertsolaritza", dio Mintxo Astiz Barañaingo bertso eskolako kideak.

Urtarrilaren 26an Barañainera joateko ez dizugu arrazoi makala eman, ezta?

Nafarroako Bertsozale Elkartearen batzarra

Bazkideokin egin ohi den urteroko batzarra gauzatzeko baliatuko du hitzordua Nafarroako Bertsozale Elkarteak: 09:45ean izango da, Barañaingo kultur etxean.

Ikus: Bertso Eguna 2019