Bertso ekitaldi ugari Jalgin

2016/05/12
Aurten aurkeztu da euskal kulturaren plaza ibiltariaren lehen edizioa. Euskal kulturaren adierazpide guztiak biltzeko bokazioz sortu da, Ahotsenea, Bertsozale Elkartea, EHAZE eta Topagunearen eskutik. Aiaraldean gauzatuko da maiatzaren amaieran eta bertsolaritzari lotutako hainbat ikuskizun eskainiko dira.

Maiatzaren hasieran aurkeztu zen Jalgi; lehen edizio honetan ari da lanean Bertsozale Elkartea, Ahotsenea, EHAZE eta Topagunearekin batera. Euskal kulturaren adierazpide guztiak biltzeko bokazioz sortu da eta plaza ibiltari forma hartu du lehen edizioan. Astebetean kulturaren ikusgarritasuna eta transmisioa landuko ditu: musika, bertsoa, antzerkia, zinea, literatura, dantza, magia eta arte plastikoak barne hartuz. Sortzaileen lanen berri zabaltzeko ikusgarritasuna bilatuko du.

Urtero eskualde batean izango da, eta aurten, maiatzaren 23tik 28ra, Araialdeako zortzi herritan egingo dira 70 ekintza inguru. Larunbatean izango da jaialdi nagusia. Tartean astean zehar izango dira bertsolaritzari lotutako bederatzi ekintza. Bederatzi bertsolari izango dira guztira: bi aiaraldekoak, bi arabakoak eta bost Euskal Herriko beste lurraldetatik joandakoak. 

  • Bertsolharitza ipuin kontaketa. Astelehena 23. Aiara, udal aretoa
  • Bertsolariak ikastetxeetan. Asteartea 24. Amurrio, Zaraobe
  • Xalbador Izana eta IzenaAsteartea 24. Orozko, Donibane aretoa
  • Garai Hura Gara emanaldia. Asteartea 24. Amurrio, Juan de Arrutia
  • InprotxowOsteguna 26. Laudio, tabernetan
  • Bertso saioa erdalguneei. Osteguna 26. Laudio, Latiorro plaza
  • Kapulana bat zintzilik emanaldia. Ostirala 27. Arrankudiaga, aretoa
  • Bertso poteoa. Ostirala 27. Orduña, tabernetan
  • Rap emanaldia. Larunbata 28. Kontzertu gunean 

Euskal kultur komunitatearen bilgune izan nahi du Jalgik. Emanaldiak eskaintzeaz gain gogoeta gune izango da. Aurten transmisioa eta komunikazioa landu nahi dira eta bi gai horien inguruan zeresana, ardura edota kezka duten Euskal Herriko zein nazioarteko eragileak elkartuko ditugu, hala nola, Unibertsitateak, hedabide publiko eta pribatuak, ikerketa arlokoak, kultur arloetako industria sektoreak, hezkuntza arautuak eta ez-arautuan ari diren hezitzaileak, sortzaileak, sortzaileen elkarteak, zaleak... Bertsozale Elkarteak parte hartuko du jardunaldietan.

Euskal kulturgintza ari diren erakunde arteko elkarlanak aberasten gaitu, eta lehen edizio honetan Ahotsenea, Bertsozale Elkartea, EHAZE eta Topagunea bagaude ere, mahai handiagoa beharko da aurki, lankidetza handitzen doalako. 

Bertsolaritzari loturiko hainbat ekitaldi izango dira Jalgin.