Bertso Egunean murgilduko gaitu Hitzetik Hortzerak
Bada denbora pixka bat urteko lehen hilean bertsozaleak Bertso Eguna ospatzen hasi zirenetik. Aurtengoa, 50.ena, Barañainen ospatu da. Hasieran Bertsolari Eguna zena, Bertso Egun bilakatu zen 1995ean eta, urte luzez Donostian kokatu izan den arren, iaztik formatu ibiltaria hartu du. Bertso eskolak omendu dituzte oraingoan; urtean, ehundaka bertso saioa egiten dira Euskal Herrian eta horietako asko bertso eskolek antolatzen dituzte. Bertso Egunean murgilduko gaitu Hitzetik Hortzerak.
Bertso poteoa eta jaialdiko bertsoaldiak
Sormenez gainezka egin zuen Barañainek. Goizean Enkarguz emanaldia eskaini zuten Andoni Egañak, Xabi Zabalak eta Alberto de Abajok. Ondoren, bertso poteoan kantuan jardun zuten hamabi bertsolarik, jarraian bazkaria egin, eta arratsaldean jaialdia izan zen. Guztiak ekarriko ditugu igandeko programara.
Hamabi bertsolari aritu ziren eguerdian Barañaingo kaleetan zehar kantuan. Belaunaldi ezberdinei bertso eskolarako deia egiten ikusiko ditugu Aitor Servier, Andoni Egaña eta Sarai Robles; “erratza” gaitzat hartuta saioa egingo dute Eli Pagola, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa bertsolariek. 19:00etan hasi zen Barañaingo auditorioan bertso jaialdia eta ale onenak ekarriko ditugu igandeko programara. Oholtzara igo ziren Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Galletebeitia. Aurkezle eta gai jartzaile lanak Edurne Azkaratek egin zituen.
Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran gunean.