Bertso Egunaren errepaso historikoa, Hitzetik Hortzeran

2017/01/26
Ia mende erdiko ibilbidearen ondoren, fase berri batean sartuko da Bertso Eguna datorren urtetik aurrera. Orain artekoak eman duenaz ariko gara Hitzetik Hortzeran Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Miren Amuriza eta Unai Iturriagarekin, eta 47 edizio hauek utzitako une gogoangarrienak berreskuratuko ditugu.

Fase berri batean sartzera doa Bertso Eguna. Donostian 47 edizio egin ondoren, 2018tik aurrera ibiltaria izango da. Askorako eman du orain arteko faseak, ordea, eta errepaso zabala egingo du igande honetako Hitzetik Hortzerak.

Bertsozale eta bertsolarien arteko bilgune izan da urte hauetan Bertso Eguna, eta asko dira barru-barrutik ezagutu dutenak. Horietako laurekin elkartuko gara igande honetan orain artekoaren errepasoa egiteko: Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga. Bertso Egunari lotuta dituzten bizipenen berri emango digute: nola sortu zen eta Bertsolari Eguna Bertso Egun nola bihurtu zen azalduko digute bi azpeitiarrek, eta azken urteotako bideak utzitako hausnarketak entzungo ditugu Miren Amuriza eta Unai Iturriagaren ahotik.

Bertsoaldi gogoangarrien errepasoa

Asko dira Bertso Egunak utzitako une gogoangarriak: Bertsolari Egunetan egindako omenaldiak; hasierako urteetan Agur Jaunak kantatzerakoan sortzen zen giro hunkigarria; Goierritarrek eskaintzen zituzten saio umoretsuak; azken urteetan Kursaalean egindako esperimentuak... Tartean izan ziren programan elkarrizketatuko ditugun bertsolariak ere. Besteak beste, Araeta jatetxeko afaloste batean bertso jarri musikatuak kantatu zituen Unai Iturriagak; ezagunak egin ziren Miren Amurizak, Maddalen Arzallusek lagunduta, amei kantatutako bertsoak ere eta Imanol Lazkanok Bertso Egun batean iragarri zuen plazako jarduna utziko zuela. Bertsoaldi horiek denak berreskuratuko ditugu.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Imanol Lazkano ariko da igande honetan, Laxaro Azkune, Miren Amuriza eta Unai Iturriagarekin batera.