Bertso Egunak egingo ditugu datorren urtean

2020/12/21
Urtarrileko ohiko hitzorduaz gainera, antzerako beste bi saio antolatuko ditugu. Plaza biziberritzeko apustuaren parte izango dira; eta ez bakarrak. Hiru hitzorduetarako sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

2020ak egun bat gehiago izan du egutegian, baina egun gutxiago utzi dizkigu bertso plazan. Pasa den astean aipatu bezala, pandemiak eragina izan du bertsolaritzan: tartean, saio ugari bertan behera geratu dira, eta Bertsozale Elkarteak bertso plaza hauspotzen jarriko du indarra bereziki datozen hilabeteetan.

Jomuga horrekin antolatu ditugu Bertso Egunak. Hiru izango dira datorren urtean: urtarrilaren 30ean egingo da lehena Hazparnen (Lapurdi); otsailaren 13an, Iruñean (Nafarroa); eta hirugarrena, martxoaren 27an, Getarian (Gipuzkoa). Saio hauetarako sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

 

Aretoan ez ezik, Internetez zuzenean

Pandemia aroak ere ekarri du berrikuntzarik: ahalik eta zale gehiagorengana iritsi asmoz, bertatik bertara jarraitu ahal izango dira saioak, baina baita Internetez ere, www.bertsoa.eus atariaren bidez.

Modu baterako zein besterako sarrera erosi behar da aurretik, baina ezberdinak izango dira, beraz, adi www.bertsosarrerak.eus atarian txartela aukeratzerakoan: 12 euro balio ditu aretorako sarrerak, eta 5 Internetekoak. Bazkideok merkeago lortu ahal izango dituzue (10 eta 3 euroren truke, hurrenez hurren), eta gazteek ere deskontua izango dute.

Eskuratu sarrerak orain, aretoan zein online ikusteko: bertsosarrerak.eus

Sarrerak, lehenago bukatzen ez badira, egunera arte egongo dira eskuragai Hazparneko saioaren kasuan; bezperako egunera arte Iruñekoari dagokionez; eta Getariako saioaren sarreren salmenta hitzordua baino astebete lehenago itxiko da.

 

 

Mendeala, Gayarre eta Balentziaga

18:00etan izango dira saio guztiak. Urtarrilaren 30ekoa Hazparneko Mendeala gelan izango da: Amets Arzallus, Elixabet Etxandi, Maialen Akizu eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan, Aimar Karrikak jarritako gaiei erantzuten.

Gayarre antzokian izango da, Iruñean, otsailaren 13koa: Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan; Ainhoa Larretxea izango da gai jartzen.

Getariako Balenciaga museoak hartuko du martxoaren 27koa. Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela.

 

Bertso bidezko Bidaiak

Aurtengo udaberrian ekin genion plaza biziberritzeko egitasmoari: hasiera bateko publikorik gabeko eta areto barruko online saioek bilakaera izan dute, egunean eguneko baldintzetara egokituz.

Sormenerako eta esperimentaziorako espazioak ere atondu ditugu Bidaiak izenaren pean. Bertsolaritza eta sukaldaritza elkartzen zituen Bertsoa Sutan emanaldia egin genuen, adibidez, Chillida Lekun urrian, eta horretan jarraituko dugu urte berrian ere.

Bertso Egunetatik harago antolatuko ditugun ekimenen berri ere emango dizuegu urte berriak aurrera egin ahala

Bertso Egunetatik harago antolatuko ditugun ekimenen berri ere emango dizuegu urte berriak aurrera egin ahala. Pandemiak eragin duen egoera leuntzeko helburuz, herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jartzeko eta zaleen gozamenerako, jarduerak antolatzen, sustatzen eta dinamikak laguntzen jarraituko dugu 2021ean.

Egin diren saioekin, eta egin ez direnekin, argi geratu da bertsoa bizigarria dela bertsolarientzat, zaleentzat eta herriarentzat. Osasun neurriak eta protokoloak zainduta eta adostuta, bertso saioak antolatu daitezkeela azpimarratu nahi du elkarteak.

Eta horrela, egoerak horretarako tartea ematen duen neurrian, urte berrian bertso plazan maizago elkartzeko gogoz gaude.

 

Erlazionatutako elementuak
700 saio baino gehiago galdu dira 2020an

2019ko Bertso Eguna, Barañainen. / XDZ