Bertso Eguna, Iruñean eta Internetez

2021/02/03
Otsailaren 13an izango da bertso emanaldia Gayarre antzokian. Aretorako sarrerak www.teatrogayarre.com webgunean daude eskuragai; Internetez zuzenean ikusi ahal izateko, www.bertsosarrerak.eus atarian erosi behar dira.

Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai-jartzailea elkartuko dira 2021eko lehen Bertso Egunean. Iruñeko Gayarre antzokian izango da bertso saioa, 18:00etan hasita. Ez dira protagonista bakarrak izango, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian.

Antzokirako sarrerak, hemen; eta Internetekoak, hemen

Eta horrek guztiak, protagonistek, lekuak, testuinguruak eta bestek, izango du zeresanik Bertso Egunean: "Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea" aurreratu du aurrelanean aritu den Saioa Alkaizak.

Antzokirako sarrerak www.teatrogayarre.com webgunean daude eskuragai, 12 euroren truke; 9 eurotan izango dituzte Bertsozale Elkarteko bazkideek. Aretora joan gabe, Internetez zuzenean ikusi nahi duenak ere izango du aukera. Horretarako ere sarrera hartu behar da, baina www.bertsosarrerak.eus atarian: 5 eurotan eskuratu ahal izango dira sarrerok, eta 3 eurotan izango dituzte bazkideek. Behin sarrera erosita, Internetez nola jarraitu azaltzeko argibideak bidaliko zaizkie zaleei.

Ohi baino aste batzuk beranduago izango da, beraz, aurten Bertso Eguna. Ez da, ordea, 2021eko berezitasun bakarra izango, bat bakarrik ez eta hiru hitzordu izango baititugu: martxoan eta maiatzean izango diren Getariako eta Hazparneko Bertso Egunetarako sarrerak ere eskura daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertso plaza indartzeko Bertsozale Elkartea egiten ari den apustuaren parte dira saio hauek. Plaza biziberritzeko ekimen hau babesten eta laguntzen dute Laboral Kutxak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Gainera, Iruñeko Udalak laguntzen du datorren asteko Bertso Eguna.

Ostiral honetan, Eskolatik Plazara

Iruindarrek aste honetan bertan ere badute beste bertso hitzordu bat. Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten gazteak eta plazetan ohikoak diren bertsolariak elkartzen dituen Eskolatik Plazara ekimenaren bigarren saioa Nafarroako hiriburuan izango baita. Otsailaren 5ean, ostiralean, izango da; zehazki, Nafarroako Antzerki Eskolan, 18:00etatik aurrera. Aitor Ugarte, Alaia Martin, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires eta Julio Soto ariko dira, Josu Sanjurjo gai-jartzaile lanetan dela. Sarrera doakoa da, eta gonbidapenak eskuragai daude www.bertsozale.eus atarian.