Bertso* Eguna –Ahalduntze jaia- ospatuko dute ekainaren 17an Durangon eta Iurretan.

2023/05/30
Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren ikasturte amaierako jaia antolatu dute Durango eta Iurretan: Bertso* Eguna. Ekainaren 17an ikasturtean zehar parte hartu dutenen lana plazaratzea izango du helburu egunak.

2015-2016 ikasturtean egin zen lehendabizikoz Ahalduntze Bertso Eskola Feminista, eta geroztik ikasturtero egin da. Aurtengoan modu berezi batean eman nahi diote amaiera bertako kideek, festa giroan elkartuta. Parte hartzaileen lana plazaratzeaz gain, proiektua ezagutaraztea eta bertso munduko emakumeak* elkartzea izango dira Bertso* Egunaren helburu, ondo pasatzearekin batera. Bazkarian izen emateko azken eguna ekainaren 9a izango da.

BAZKARIRAKO IZENA EMAN HEMEN

Emakume* bertsolari guztiei begira ere proiektua jende aurrean aurkeztu eta datorren urterako jendea gonbidatzea da asmoa. Horretarako egun osoko egitaraua antolatu dute ekainaren 17rako. 

- 12:00etan bertso-poteoa Durangon.

- 14:30 Bertso munduko emakumeen* bazkaria Iurretako Abadetxean.

- 17:30 Bertso saioa.

- 20:00 ERRE azken emanaldia Plateruenan.

2022-2023 ikasturtea

Durangon eta Amasa-Villabonan elkartu dira hilero ikasturte honetan Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideak. Guztira, 23 bertsolari eta hiru gai-jartzaile aritu dira. Hilabetean larunbat bat elkarrekin pasatu dute parte hartzaileek eta eskoletan kantatu, hausnartu, estrategiak elkarbanatu eta zalantzak eztabaidatzeko baliatu dute. Kurtsoan zehar Durangoko eta Amasa-Villabonako taldeak ere elkartu dira elkarrekin eguna pasatzeko.

Taldeak sendotasuna eta konpromisoa hartu ditu, eta datorren urtean ere izango du segida Ahalduntze Bertso Eskola Feministak. Elkar ezagutzen eta ahalduntzen jarraitzeko asmoz eta gogoz daude bertako kideak eta jende berriarentzat ere ateak zabalik izango dituzte irailetik aurrera.

 

02 Bertso munduko emakumeen* topaleku izan nahi du Bertso* Egunak.