Beñat Gaztelumendi eta Aitor Servier Bidarraiko Bertso Udalekuan
Bertso bazkari ederra eskaini zuten Beñat Gaztelumendi eta Aitor Servier bertsolariek, Bidarraiko txandan (Behe Nafarroa), 17-18 urteko 35 gazte lagun zituztela. Bazkal aurretik, euren bizitzari buruzko elkarrizketa harilkatzeko, eurentzat esanguratsuak ziren 7 objekturekin etorri ziren bi bertsolariok udalekura.
Topera dabiltza 10 eguneko egonaldian: bertso jolas "frikienak" eta talde dinamika potenteak, rafting, eskalada, errekan bainuak... Ostiralean 2zio taldea ezagutu eta kontzertua entzuteko aukera izango dute.
Zoro-peria honen erantzuleen artean daude begirale taldea osatzen duten Eneko Beretxinaga, Itxaso Paia, Edurne Azkarate, Miren Artetxe, Ander Solozabal eta Jone Larrinaga. Sukaldariak ere "jai lebel"ekoak dira: Iñaki Olalde eta Mirari Sagarzazu.
Abuztuaren 1ean bukatuko da egonaldia. 18 urteko gazteek hau izango dute Bertso Udalekuetako azken edizioa, urtetan "Bertso Udalekutako masterra" egin izanaren albo-ondorioekin. 2017ko udan, gazteok "begiratu" moduan ez, baina begirale gisa jarraipena eman ahal izango diote 18 urteko ibilbidea duen ekimen eder honi.