Bazkide, hau zuretzat
Bazkide, garaiok ahal bezain ondo eramatea espero dugu. Ziurrenik denoi korapilatu zaigu zerbait, eta seguraski izango da bereziki garai zaila pasatzea egokitu zaionik ere: animo eta indarra denoi.
Bertsozale Elkartea ere normaltasunetik atera du egoera berri honek. Alarma egoera ezarri aurretik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Batzar Nagusia egitear ginen. Egoera lasaitu arte ezin izango dugu bazkideokin urtero dugun hitzordua zehaztu, egoera aldakor honek egunean egunekoa egitea baikaramatza eta data zehaztea ez da lan erraza. Garaiz iragarriko dizuegu hitzordu berria baina, bitartean, webgune honetan bertan dituzue irakurgai 2019an egindakoen memoria eta 2020korako helburu genuen egitasmoa. "Genuen" diogu, 2020rako aurreikusita genuen egitasmoan aldaketak egongo direla ia ziurtzat eman baitezakegu.
Hain zuzen, martxoko BertsoZalea berripapera amaitzen harrapatu gintuen konfinamenduaren hasierak. Espero dugu apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran hurrengo alea bidaltzeko moduan izango garela, soilik posta elektronikoz bada ere. Zentzu honetan, jada jakingo duzunez, bazkideen datuak berrikusten eta eguneratzen ari gara, eta eskertuko dugu zure datuak bidaltzea. BertsoZalea iristen zaizula ziurtatuko duzu horrela eta beste zenbait jakinarazpen igortzea ere erraztuko digu horrek. Begiratu hemen zeintzuk diren beharko genituzkeen datuak eta nora bidali behar dituzun.
Bestalde, gogoratu, Bertsozale Elkarteko bazkidetzaren ordainketa maiatzaren hasieran bideratuko dugula: 60 euro norbanakoen kasuan eta 120 elkarteei dagokionez.
Joango gara elkartearen berri ematen. Bitartean, galderaren bat edota antzerakorik baduzu, aurrez aurre ez bada ere, telematikoki lanean ari gara eta e-postaz erantzuteko moduan izango gara.
Bidenabar, etxean geratzea egokitu zaigun honetan, bertsolaritzaz etxean gozatzen jarraitzeko aukera duzula esan; hementxe dituzu zenbait proposamen.
Gure egitasmoaren oinarrian dagoen bertso plaza geldirik dago momentu honetan, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen egoera honek; plaza osatzen dugun bertsozale, gai jartzaile eta bertsolarion egoera erabat baldintzatua dago. Ziurgabetasun egoera honetan, mugimendu antolatua garen heinean, bertsolaritzako ekosistema osatzen dugun subjektu desberdinen artean egoerak eskaini diezazkigukeen askotariko aukerak aztertzen ari gara. Plazak bere ohiko izaera lortu bitartean lanean eta elkar babesten jarraituko dugu, eta bide hori bertsolaritzak osatzen duen komunitatearekin egin nahi dugu.
Mila esker, bertsozale, hor egoteagatik, batean eta bestean zuen zaletasunaren erakusgarri diren hainbat bertso ekimen sortu eta hauspotu baititugu konfinamendutik. Eta aurrerantzean ere, elkarrekin eta aurrez aurre, bertsoarekin gozatzen, barre egiten, hunkitzen jarraituko dugu.