Bazen behin Hitzetik Hortzeran...
Amaia Elizagoien Ameli ipuin kontalaria eta bertsolaria elkarrizketatuko dute aste honetan Hitzetik Hortzerako lagunek. Umetatik izan du ipuinekiko zaletasuna Elizagoienek eta duela 10 urte hasi zen ipuin kontaketan. Ipuinekiko pasioaz eta ematen duten bidaiatzeko aukerez arituko da hizketan Mirari Martiarenarekin. Ipuin kontalaritzaren egoeraz arituko dira, baita haurrei ipuinak kontatzeko hartu beharreko tarteez, baita haur edo helduei ipuinak kontatzearen arteko desberdintasunei buruz ere. Pasioz bizi du bere langintza Amaia Elizagoienek, baita ahozkotasuna, euskara eta transmisioa ere.
Umetatik egon da bertsolaritzari loturik: Amaia Elizagoienen bizitzaren parte garrantzitsu bat hartzen du bertsoak. Bittor Elizagoien aitarengandik datorkio zaletasuna, Estitxu Arozena izan zuen bertso eskolako lehen irakasle eta, ondoren, baita aita bera ere.
Bertsoak emandako lagunarteari buruz hitz egiteko tartea ere hartuko dute Elizagoienek eta Martiarenak: Nafarroako Bardoetako talde-lana eta bizipenak gogoratuz, besteak beste.
Larunbat gaueko programa bukatzeko, Manu Bendalaren bertso sorta musikatuaz gozatzeko aukera izango da: Deskubritu dezagun mundua batera izenburuko bertsoak kantatuko ditu Manex Pagola musikariak lagundurik.
Legazpiko eta Itziarko bertso-afariak
Bertsoaldiak ikusi eta entzuteko aukera izango da aste honetan ere. Legazpin, urtero bezala, bertako bertso-eskolak afaria antolatu zuen eta Nerea Elustondo eta Andoni Rekondo bertsolariak aritu ziren bertsotan; Mikele Arizkorretak jarri zituen gaiak.
Itziarren, berriz, bertso afaria izan zen Itziarrek 10 urte! ekimenaren baitan. Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiok egin zuten bertsotan eta Ander Zulaikak jarri zituen gaiak.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.