Batzarraren iragarle, martxoko BertsoZalea

2017/03/07
Bertsozale elkarteen batzarrak egiteko garaia izaten da urteko lehen hiruhilekoa. Horiek gogora ekartzeaz gain, Bertso Udalekuak koordinatzeaz arduratzen den Esti Alberdiri egin dio elkarrizketa berripaperak: 20. Bertso Udalekuetarako izen-ematea laster zabalduko da gaztetxoentzat.

Batzarrak, Bertso Udalekuak, txapelketak, ikerketak, Xenpelar Dokumentazio Zentroa... denentzat tokia egin du hilabete honetako BertsoZaleak.

Urteko lehen hiruhilekoa bertsozale elkarteen batzarrak egiteko garaia izaten da eta horiei jarri die arreta berripaperak bere azalean. Martxoaren 25ean izango da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Ozaetan, 11:00etatik aurrera, eta lehenago gainerako lurraldeek egingo dituzte beren batzarrak.

20. Bertso Udalekuak izango dira aurtengoak eta laster zabalduko da izen-ematea gaztetxoentzat; datorren astelehenean hain zuzen, bertso-eskolako kide direnentzat edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat. Esti Alberdi Bertso Udalekuen koordinatzaileak azaldu digu BertsoZalearen ale honetan Bertso Udalekuek zer eskaintzen dien gazteei eta horrek eurengan duen eragina. Bestalde, Arabako eta Nafarroako txapelketak ere bide erdia egina dute; lehenak hasia du bigarren itzulia eta Nafarroakoak segidan abiatuko ditu finalaurrekoak. Finalen inguruko informazioa ere topa daiteke ale honetan.

Ikerkuntzak ere orri betea du. Batetik, momentu honetan bertsolaritzaren inguruan garatzen ari diren zazpi doktore tesien ingurukoak dakartza berripaperak, eta bestetik, ikertzaile zein gainerako herritarrei zerbitzu hobea eskaini asmoz, Eresbilek eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak sinatutako hitzarmenaren ingurukoak bildu ditu.

Maider Arregik Abra sariketa irabazita botatako agurrak, Aitor Sarriegiren puntuak, koplek eta potofinixak biribildu dute martxoko BertsoZalea.

Batzarren egutegia laburbildu du BertsoZaleak.