Batzar Nagusia, martxoaren 29an Durangon
Aurtengo Batzar Nagusia martxoaren 29an izango da, goizeko 11:00etan, Durangoko Landako elkartegian.
Ohi bezala, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak emango dio hasiera batzarrari. Horren ostean 2013. urteari errepasoa egingo diogu, urteko memoria eta balantze ekonomikoa aurkeztuta.
Behin atzera begirakoarekin amaituta, aurrera begiratzeko txanda izango da eta urte honetarako esku artean ditugun egitasmoak ezagutuko ditugu.
Herrialde bakoitzak bere egoeraren berri emango du Lehendakarien ahotik: Gipuzkoatik, Saroi Jauregi; Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroatik, Joana Itzaina; Bizkaitik, Asier Ibaibarriaga; Arabatik, Ekaitz Elorriaga eta Nafarroatik, Alaitz Rekondo.
Herrialdeekin amaitu ostean, 2014rako egitasmoak sailez sail errepasatuko ditugu: Koordinazioa, Genero Taldea, Transmisioa, Sustapena, Lanku, Ikerkuntza, Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Komunikazioa. Horren ostean, 2014ko aurrekontua aurkeztu eta bozkatuko da.
Batzarrarekin amaitu aurretik lehendakariaren izendapenari ekingo zaio. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko edo herrialdeetako zuzendaritzek aurkez ditzakete lehendakarigaiak. Hautagaiak aurkezteko epea Batzar Nagusia baino astebete lehenago itxiko da.
Batzarraren ondoren, bazkaria
Behin batzarra amaituta Durangon bertan bazkaria egingo da. Plateruenea Kafe Antzokian egingo da bazkaria, eguerdiko 14:30ean. bazkarira joan nahi duten bazkideek aurretik konfirmatu behar dute, 943694129 telefono zenbakian edo komunikazioa@bertsozale.com helbide elektronikoan. Hilaren 21a da horretarako azken eguna.
Batzar Nagusira joaterik ez daukanak apirileko Bertsozalea berripaperean jasoko du horren inguruko informazio zehatza.
Herrialdeetako batzarrak
Euskal Herrikoa baino lehenago egin gabe dituzten herrialdeek haien batzarrak egingo dituzte. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia martxoaren 15ean izango da eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearena martxoaren 22an, Azpeitiko Baigeran.
Azken horretan ere, batzar ostean bazkaria egingo dute. Bazkarirako aldez aurretik izena eman behar da, 943 670575 telefonoan edo gipuzkoa@bertsozale.com helbide elektronikoan.