Bartzelonan izan da asteburu honetan "Europa bat-batean"
Glosan inprobisatzen amaitu zuten Bartzelonako Sant Andreu auzoan kokatuta dagoen Ateneu L'Harmonia aretora hurbildutako ikus-entzuleek, aurrez glosadore, verseadore eta bertsolariei entzundako emanaldiak hauspotuta. 180 bat ikus-entzule bildu ziren larunbatean hiru adieretako inprobisatzaileen jarduna ezagutzera. Batetik, Mireia Mena eta Ferriol Macip glosadoreak aritu ziren, Marcel Marimon eta Marçal Ramon musikariekin batera; bestetik, Yeray Rodríguez eta Lydia Moreno verseadoreak, Jose María Vega musikariarekin; eta Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza aritu ziren bertsotan. Miren Artetxek egin zituen gai-jartzaile lanak eta Marc Febrerrek itzultzailearenak.
Larunbateko emanaldiaren aurretik, bezperan, beste emanaldi bat eskaini zuten inprobisatzaileek Badalonan. 80 bat ikus-entzule bildu ziren Teatre Blas Infanten. Emanaldiaren hasieran, Dolors Sabater Badalonako alkateak glosa doinuan harrera egin zien inprobisatzaileei.
Emanaldi batean zein bestean, glosadore, verseadore eta bertsolariek euren jarduna erakutsi zuten bikoteka eta ondoren, Miren Artetxe gidari zutela, hiru jardunetako ordezkariak elkarrekin aritu ziren kantuan, hizkuntza, doinu eta neurri ezberdinak elkar hartuz.
Adieren lagina erakutsi bakarrik ez, eta gehiago sakontzeko aukera ere izan zen jardunaldietan. Hiru adieren gaineko mahai-ingurua burutu zen larunbat eguerdian, Bartzelonako Centre Artesà Tradicionàrius biltokian. Jardun inprobisatuetara zerk lotzen gaituen, honek gizarteari zer eskaintzen dion eta inprobisatzaile eta publikoaren arteko harremana izan ziren, besteak beste, jorratutako gaietako batzuk.
Europa bat-batean egitasmoaren baitan egin diren bigarren jardunaldiak izan dira hauek Leongoen atzetik. Mintzola eta DSS2016EU fundazioei Cor de Carxofa elkartea batu zaie antolaketan Bartzelonako jardunaldi hauetan.