Bardoen eta BBK sariketaren finalei begira jarriko da Bertsoa

2016/03/14
Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidearekin izan da sareko plaza Bardoen inguruan hitz egiteko. Larunbatean Etxarri-Aranatzen biribilduko dute aurtengo edizioa.

Leitzako Atekaberts, Berako Larungo Antenak eta Iruñeko Obario Maldikoak taldeak izango dira lehian martxoaren 19an Etxarri-Aranatzen, Bardoen finalean. Finalaren ingurukoak eta, oro har, egitasmo osoaren nondik norakoak azalduko ditu Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak Bertsoan. Bestalde, ostiralean BBK sariketaren finala izango da, eta sariketaren berri ere eskainiko du sareko plazak. Ez dira, ordea, horiek astebururako antolatu diren saio bakarrak: Zortzi Puntutan ekimenaren Uribe Kostako saioari eta Aztiria sariari ere egingo zaie tartea.

Iragan asteburuan, aldiz, Kuadrilla artekoa amaitu eta Osinberde saria eta Gipuzkoako Eskolarteko Elgoibarko saioa gauzatu ziren; horiei ere jarraipena egin die hedabideak. Bertsoak entzuteko aukera izango da, noski, eta horretarako Amasa-Villabonako larunbateko saioko bertsoaldiak eta Biriatuko ikastolaren aldeko bertso-saioan botatakoak izango dira entzungai; azken honetan antolatzaile lanetan aritu direnen hitzak ere bildu ditu.

Aste honetan ere, ostegunean, bertsolaritzari beste ertz batetik heltzeko aukera eskainiko du Bertsoak; motibo baten inguruan antolatutako bertso-saioak izango dira hausnartzeko gai. Ostiralean, ohi bezala, Hitzetik Hortzerak dakarrena aurreratuko du eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz, bertsoaldi bat berreskuratu. 

Astea hasteko, asteburuko saioen berri dakar Bertsoak