Barakaldoko bertso plaza berria, Bertsoa.eus atarian

2018/07/23
Berreskuratu berri den Barakaldoko saioko hautaketarekin batera, Markina-Xemeinen botatako bertsoaldiak ere izango dira entzungai.

Barakaldoko Karmen jaietako bertso plaza berria da; edo berritua behintzat. Duela urte batzuk izaten ziren bertsolariak baina utzi egin zitzaion gerora eta eten luze baten ondotik berriro lortu du plaza bertsoak: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Asier Alcedo eta Onintza Enbeita izan ziren kantuan, Idoia Anzorandiaren gaiei erantzunez.

Karmenetako jaialdia izan zen Markina-Xemeinen ere: Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Unai Iturriaga eta Xabat Galletebeitia aritu ziren, Amaia Errastiren gidaritzapean.

Eta aste honetan bertsolaritzak izango dituen hitzorduen berri ere emango du Bertsoa.eus atariak.

Abuztuan, bertsoak ez du oporrik

Zenbait arlotan gertatzen den moduan, oporrik ez eta gainera are lanpetuago izaten da bertsolaritza udan. Plaza plaza jarraituko diote Bertsoa.eus atariko kamerek eta horiek gozagai izango dituzue abuztu osoan zehar. Astero-astero bi plazetako aleen hautaketa izango da eskura, hondartzan, mendian edota edonon egonda ere bertsoekin gozatzeko.

Horrekin batera agendaren berri ere emango dizu sareko plaza digitalak, ez da hitzordurik faltako-eta!

Astero-astero bi plazetako hautaketa izango da abuztuan ere.