Bapateko bertsoak eta festa Manteon

2015/01/19
Bertsozale Elkarteak Manteo kiroldegira eraman du bigarren urtez Bertso Eguneko gaueko ekitaldia. Aurten bapateko bertsoek presentzia handia izango dute, hiru bertsolari bikote arituko dira kantuan Alaitz Rekondo gai-jartzailearen esanetara. Oskar Estangaren “Bat-batean” emanaldiak emango dio amaiera jaiari.

Jone Uriaren eta Beñat Gaztelumendiren ardura izango da kantuan hastea. Ez da, ordea, Alaitz Rekondoren esanetara arituko den bikote bakarra izango: Xebastian Lizaso eta Julio Soto ariko dira gero. Hirugarren ekitaldi bat ere izango da, baina ezustekoa eman nahi dizuegu, beraz bertan izango duzue horren berri. Bukatzeko, Oskar Estangaren “Bat-batean” emanaldia izango duzue.

700 lagunentzako lekua dago Manteo kiroldegian. Iparra-Hegoa taldeko lagunek prestatuko dute afaria: Bakailua patatekin eta gixatua. Postrea Iztueta etxeak eskainitakoa. Petritegi sagardoa txotxean eta botilan. Taberna saio ostean zabalduko da goizeko ordu txikiak arte.

Sarrerak eskuragarri dira www.bertsosarrerak.eus atarian.

Afalostean bapateko bertso saioez gozatzeko parada izango da Bertso Egunean