"Bapatean": nola egiten den jakin nahi?

2019/07/23
Bertsoa.eus atarian topatuko duzu argitalpena gauzatzeko egiten den aurrelanaren berri; Xenpelar Dokumentazio Zentroko Felix Irazustabarrenak eta Oihana Aranburuk kontatuko digute. Gainera, ostegunean, Alaia Martin bertsolariarekin hitz egindakoak izango ditugu eskura.

Uztailaren hasieran iritsi zitzaien Bertsozale Elkarteko bazkideei Bapatean 2018 bertso bilduma. 600 bertso baino gehiago bildu dira aurtengoan, audio formatuan zein transkribatuta. Antologia hau egiteak eragiten duen lan prozesua ezagutuko dugu Bertsoa.eus atarian, Xenpelar Dokumentazio Zentroko Felix Irazustabarrena eta Oihana Aranburu kideen ahotik.

Bestalde, ostegunean, Alaia Martin bertsolariarekin izandako solasaldia izango dugu sarean; oiartzuarrarekin hitz egindakoaren aurrerapena, bihar.

Baina zer litzateke Bertsoa.eus bertsoaldirik gabe? Getxoko jaialdi mundialeko hautaketa sarean da eta bihar izango dira entzungai Usurbilgo jaietan entzundakoak. Aurrekoei begira ere jarriko gaitu webguneak, asteburuaren atarian agenda iragarriz.

Plan ederra daukagu Bertsoa.eus atarian, e?

Alaia Martinekin izandako elkarrizketa, ostegunean. / XDZ