Bapatean bilduma: urteroko lana eta urteroko oparia
Bertsozale Elkarteko bazkideok urtero jasotzen dugu Bapatean bilduma etxean. 1988an egin zen lehenengoa, eta ordutik, hutsik egin gabe argitaratzen da. Paperean ateratzen zen 2009ra arte, eta 2010etik gaur arte, CDa kaleratzen da, bertsoak irakurtzeko pdf fitxategiarekin eta audioekin.
Prozesu luzea bizi izaten du Bapatean bildumak. Horrela azaldu digu Felix Irazustabarrena Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideak. Urtero hainbat saio jasotzen dituzte, bideoan zein audioan. Horretaz grabaketa sarea arduratzen da: Bertsozale Elkarteko hedapen taldea, herrialdeetako elkarteak, bertso-eskolak, norbanakoak… “2016an, esaterako, 411 saio daude jasota”, adierazi du Irazustabarrenak, “bildu, transkribatu, eta informazio osagarria jasotzen da”.
Gero, hautaketa lana dator. “Horretarako irizpide batzuk dauzkagu” dio Xenpelarreko kideak. “Urtean plazan gertatutakoaren isla agertu behar da, dabiltzan bertsolariak, eta bertsoaldi onenak ere bai” azaldu du. Horretarako datuen araberako proportzionaltasun bat egiten da.
2016ko Bapatean bildumarako 87 bertsoaldi hautatu dira, 593 bertso transkribaturik, eta horietako 51 CDan entzungai. “Gainera pdfan bertan azaltzen den esteka klikatuz gero, bdb.bertsozale.eus webgunera jo eta bertan entzun daitezke bertsoaldi guztiak”.
Hautaketa lanaz gain, urtean zehar izandako saioen mugimendua ere azaltzen da: saio moten kopuruak herrialdeka, eskualdeka, txapelketak eta sariketak, eta argazkiak ere bai. Hitzaurreak biribiltzen du bilduma: “Aldiro bertso mugimenduan dabilen norbaiti eskatzen zaio”, azaldu du Irazustabarrenak. Aurtengoa Ramuntxo Christyk egingo du.
Laster jasoko dugu etxeetan Bapatean 2016. Gozatu!