'Bapatean 2023' bilduma eskuragarri bazkideentzat

2024/02/06
Iazko bertso bilduma eskuratzeko aukera izango duzue Bertsozale Elkarteko bazkideek. Horretarako, izen-ematea irekiko dugu, otsailaren 13a bitarte.

Aurten ere heldu da iazko bertso plazek emandakoaren bilduma. Bapatean 2023 paperean izango da laster. Eskuratu nahi izanez gero, Bertsozale Elkarteko bazkideek doan jaso dezakezue, izen-emate fitxa beteta. Otsailaren 13a arte egongo da izena emateko aukera.

Eskatu Bapatean 2023, hemen.

Bestalde, audio fitxategiak eskuratu nahi izanez gero, idatzi xenpelar@bertsozale.eus helbidera eskaera eginez.

Proiektua gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oreka eta Eusko Jaurlaritzaren ondare immaterialaren azterketarako dirulaguntza jaso ditu

Aurtengo edizioari Amaia Castorene Lurok egin dio aitzinsolasa, Bertsoaren potretak izenburupean. Horren atzetik, Bapatean 2023k 66 bertso saiotako 83 bertsoaldi dakartza, bertsoaldi bakoitzari dagokion gai, doinu izen eta ohiko informazio guziarekin batera. Dena den, iazko plazan 350 saio grabatu ziren orotara eta 76 bertsolariren 653 bertso transkribatu dira.

Bapatean 2023 liburuaren corpus nagusiak herritarrek antolatutako bertso saioetan bat-batean kantatutako bertsoak jasotzen ditu, bertsolariak eta horien saio kopuruak kontuan harturik. Horretaz gain, orotariko saioen lagina ere bada Bapatean; Euskal Herri osoko eta mota bateko ala besteko saioak atzemango ditu bertan bertsozaleak. Bestalde, bat-batean kantatutako bertsoak hartu dira kontuan liburu hau egiterakoan, txapelketetakoak izan ezik. Bertsopaperen alorrekorik ere ez da jaso, baina bai bat-bateko gazte sariketetakoak, belaunaldi berriei leku eginez.

Bertsoaldiak ez ezik, bertso saioen mugimenduaren informazioa dakar liburuak: ze saio mota eta zenbat antolatu diren Euskal Herriko hamaika eskualdeetan. Aldizkako saioen informazioa ere badakar Bapatean 2023ak. Halaber, bertan ageri diren bertsoen egileen izenak, sorterria eta bakoitzak ze ariketa mota egin duen ere adierazi da.

Anitz jenderen lanaren emaitza da liburu hau. Borondatezko grabatzaileen zerrenda luzea da eta guztioi esker jaso ahal izan dira grabazioak eta potretak. Beraz, eskerrik beroenak bihotz-bihotzez saio erdi, oso bat edo hamaika grabatu, edo argazkiren bat egin eta XDZra helarazi dizkiguzuen hainbeste bertsozaleri.

'Bapatean 2022'aren artxiboko argazkia. XDZ