Bapatean 2021, liburuan, bazkideen eskura
Oso pixkanaka dator plaza ohiko erritmora: osasun neurriak lasaitu ahala oholtza gaineko ekitaldiak egiteko aukera izan da, baina otorduen bueltako edo zutik eta distantzia laburrean gozatzen diren saio asko galdu ditu bertsolaritzak pandemia lehertu zenetik. Halere, bertso eder asko utzi du pasa berri den urteak, eta Bapatean 2021 bilduman jaso ditu Bertsozale Elkarteak. Proiektua gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oreka eta Eusko Jaurlaritzaren ondare immaterialaren azterketarako dirulaguntza jaso ditu.
Audioak entzungai daude jada bdb.bertsozale.eus atarian; baita bertsoaldi horien gaineko eta, oro har, bertsolaritzaren mugimenduaren gaineko datuak jasotzen dituen dokumentua ere. Formatu digitalean eskuratu izan da bilduma azken urteotan, baina aurten, liburua etxean ere jaso ahal izango duzue eskaera egiten duzuen bazkideok. Horretarako, otsailaren 25eko eguerdia baino lehen bete behar duzue web orri honetan argitaratu berri dugun inkesta, eta amaieran Bapatean 2021 etxean jaso nahi duzuela adierazi - bestalde, bertsoaldien audio fitxategiak jaso nahi badira, mp3 formatuan, idatzi xenpelar@bertsozale.eus helbidera eskaera hori egiteko -. Bazkide ez zaretenok, aldiz, 15 eurotan eskuratu ahal izango duzue argitalpena Elkar dendan.
Maddi Sarasua Laskaraik idatzi du liburuaren hitzaurrea. Bertsolari lapurtarrak bertso ekitaldien zentzuari eta kulturaren funtzioei egin die erreferentzia: "Egon dira plazak eta saiatu gara bertsolariok umorea pizten, kezkei eta gogoei kantatzen. Baina denen kezkak eta gogoak berdinak ez direnean ez da erraza zer kantatu asmatzen. Eta plazara seguru atera behar den arren, galderak dauzkagu barruan".
Bazkidea zara eta Bapatean 2021 etxean jaso nahi? Bete inkesta eta egin eskaera hemen
Guztira 54 bertso saiotako 80 bertsoaldirekin osatu da bilduma: 548 bertso transkribatu dira gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Hautaketan lurraldetasun, genero eta belaunaldiartekotasuna kontuan izan dira, bertsolari bakoitzak egindako bertso kopurua ere bai. Lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko ahapaldiak dagokien forman idatzi eta izendatuta dakartza bildumak. Urtero bezala, bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira.
Jende askok katean egindako lana da Bapatean. Xenpelar Dokumentazio Zentroan koordinatzen da bilketa lana, eta hainbat grabatzailek jasotako informazio eta grabazioak dira azterketaren oinarri. Bertsozale Elkarteak herriz herriko biltzaileek egiten duten lana nabarmendu nahi du.
IRAKURRI ETA ENTZUN SAREAN BAPATEAN 2021