Bapatean 2021

2022/03/08
Sarean prest eta paperean argitaratzear da 34. Bapatean bertso bilduma. Hura osatzeko lan prozesua ondo baino hobeto ezagutzen du Bertsozale Elkarteko Karlos Aizpurua Etxarte ikerkuntza eragileak.

Labetik ateratzear da Bapatean 2021 liburua, iazko bertso saiotako informazio bilduma eta plazako bertsogintzaren isla dena. Islarik isla, 34ko artxipelago ederra osatu dugu jadanik. Euskal Herrian gaindi antolatzen diren bertso saioetako datuak eta bertsoak biltzeko Bertsozale Elkarteak zale sarea du. Esan gabe doa, sare horretako lagun asko dira borondatez ari direnak. Horri esker obratu ahal izan dugu Bapatean saileko 34. alea.

Bapatean 2021 ematen duen ekuazioa aldagai askotarikoa da; hain zuzen ere, horrek bihurtzen du Bapatean bakoitza kalitatezko lagin

Bapatean 2021 liburuan ageri diren bertsoaldiek osatzen dute 2021ko plazako bertsogintzaren kalitatezko lagina; kalitatezkoa diogu, irizpide jakin batzuen arabera osatua baita. Lagina osatzeko lehenik eta behin, Xenpelar Dokumentazio Zentroan (XDZ) jasotako bertsolarien plaza kopuruak hartu ohi ditugu kontutan; kopuru horien arabera dakigu bertsolari bakoitzari dagokion agerraldien zenbatekoa, nahiz eta inoiz bateren baten kopurua ezin erdietsita geratu garen grabazio faltaren karietara. Bestalde, bertsogintza eta grabazio kalitateaz bezainbat balioetsi ohi ditugu Bertsozale Elkarteko zehar-lerroak, alegia: lurralde, genero eta belaunaldi tasunak. Eta horrezaz gain, kanon artistiko, saio zein biltzaile motak orotarikoak izan daitezen ahalegintzen gara. Bestela esanda, Bapatean 2021 ematen duen ekuazioa aldagai askotarikoa da; hain zuzen ere, horrek bihurtzen du Bapatean bakoitza kalitatezko lagin. 

Saioak, gaiak, doinuak, neurriak, bertsolariak eta gai-jartzaileak dira Bapatean bakoitzaren ezaugarrietako batzuk. Horiek amiñi bat aztertu nahi izan ditut Bapatean 2021 beraren baitan; baina baita ere diakronian, duela 20 urteko Bapatean 2001 harekin konparatuta. Eppur si muove! idatzian atzemango dituzue datu xeheak. Eta haietaz jabetu bezain laster ohartuko zarete ez zaiola goroldiorik lotu gure harriari, ibili bagabiltzala. Izan ere, hainbat zenbaki aldatu egin dira, batzuk nabarmen oso: herrialdeetako saio kopuruak; emakume eta gizonezko bertsolari zein gai-jartzaile zenbatekoak eta abar.

Harkaitz Zubiri ikertzaileak gizarte mugimendu gisa definitu zuen bertsolaritza; egiturazko arazo historiko bati erantzuteko antolatzeaz gain, munduari begiratzeko eta funtzionatzeko ikuspegi bat eraiki duelako. Baina batez ere, bertsolaritza bere egoeraren jabe egin eta bere existentziaren baldintzetan eragiteko antolatu delako da mugimendu. Horixe bera ondoriozta daiteke Eppur si muove! artikuluan aipatutako adierazle batzuk ikusita: bertsolaritza bere egoera eraldatzeko gai da.

Bestela ere, hainbeste emozioren arrago denez gero, ez da estonagarri bertsolaritza higitzea eta eraldatzea. Mugimendu horren fotograma bat da Bapatean 2021a; 2001koarekin konparatuz gero iraganaren salatari eta datorrenaren iragarle dena. Bapatean bildumak horretarako ere balio baitu: egindako bidea aztertzeko eta datorrena egokiro apailatzeko. Ere diogu, ezen izango baita Bapatean 2021a bertsolaritza klaseak prestatzeko baliatuko duenik; bertsoaldiak aztertu, aireak ikasi, gaiak baliatu… Badu zer probestu. Baina jakina, gozamena da Bapatean 2021a leitzeko bertsozaleok dukegun arrazoirik behinena. Goza dezagun bada!

Karlos Aizpuruak ondo ezagutzen du Bapatean egiteko prozesua. / XDZ-Ttipi Ttapa