Bapatean 2018, bazkideen eskuetara

2019/07/05
600 bertso baino gehiago izango dituzu entzungai eta irakurgai bilduman. Gainera, plazako jardunari lotutako beste hainbat datu ere xehatu dira argitalpenean. Oraindik jaso ez baduzu, laster izango duzu postontzian.

Bertsozale Elkarteko bazkideei urtero helarazten zaien oparia da Bapatean bertso bilduma. Urtean urteko bat-bateko bertsogintzaren lekuko izateko helburuarekin urtero argitaratzen dugun lana da, eta 2018ko jarduna jasotzen duena zure etxera bidean da, bazkide, jada iritsi ez bada.

Disko formako argitalpenak 54 bertso saiotako 87 bertsoaldi jasotzen ditu; guztira, 600 bertso baino gehiago. Batetik, mp3 formatuan, bertso horiek izango dituzu entzungai. Bestetik, idatzizko argitalpenaren fitxategia topa daiteke diskoan: bertsoak transkribaturik jasotzeaz gainera, bestelako datuak ere aletzen dira: bertso saioen mugimendua herrialdeka edota gauzatu diren aldizkako ekitaldien deskribapena, kasu. Hitzaurrea Johaine Sarraillet bertsolari zuberotarrak idatzi du.

Mintzola Ahozko Lantegiak bideratuta, Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako informazioa, grabazioak eta horien fitxak baliatu dira argitalpena osatzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiak babestu dute lana.

Jende askoren emaitza da lan hau: elkarteko lantaldeaz harago, borondatez bertso saioak grabatzen aritzen direnena, eta baita bazkide gisa proiektua bideragarri egiten dutenena ere. Beraz, eskerrik asko eta gozatu! Hau zure ahaleginaren emaitza ere badelako.