Banatu dugu aurtengo GrAL Saria

2023/10/16
Jone Makazagaren "Latinezko poesia bertsotan euskaratzeaz: itzulpen musikatua eta gogoeta" lanak eskuratu du.

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean deitutako GrAL Saria esleitu berri dugu: aurkeztutako Gradu Amaierako Lanak aztertuta, Jone Makazaga Irurtiaren Latinezko poesia bertsotan euskaratzeaz: itzulpen musikatua eta gogoeta ikerlanari eman zaio saria. Gaur egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu ditu autore latindarren poemak Makazagak. Virgilio, Ovidio, Martzial eta Senekaren idazlan hautatuek osatu dute ikerlanaren corpusa, eta askotariko doinu eta neurriak erabili ditu itzulpenetan. Topatutako zailtasunak eta emandako irtenbideak xehatu ditu; baliatu dituen itzulpen estrategiak azaldu ditu eta poemak bertsotan itzultzearen mugei buruz ere hausnartu du, horretan doinuak duen eragina ere aintzat hartuz.

600 euroko diru saria jasoko du Makazagak lanagatik. GrAL sariaren deialdiarekin batera, ikerketa proiektuen sarirako deialdia ere egin zen, baina banatu gabe geratu da hau.

Bertsozale Elkarteak - lehen urteetan Mintzolaren bidez- eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak elkarlanean dihardute 2013tik, besteak beste, bertsolaritzaren azterketa sustatzeko ikerketa deialdiak ateraz.