Balkoitik balkoira bertsotan, igandeko Hitzetik Hortzeran

2018/11/08
Bertsolariek batzuetan balkoira igota kantatzen dute eta eskailera maila igo eta lurretik zenbait metrora kokatzen direnean zer gertatzen den jakingo dugu igandeko programan. Haritz Mujikarekin Asteasuko udaletxeko balkoira igoko gara eta Pello Errota bertsolariaren heriotzaren ehungarren urteurrenari buruz gehiago jakingo dugu. Bertsoaldiak ez dira faltako eta bertsolariak balkoitik balkoira bertsotan entzungo ditugu Saran, Oñatin eta Algortan.

Munduari begiratzeko talaia ezberdinak dauzkagu. Bertsolariak sarri ikusten ditugu oholtzara igota kantari. Igandeko programan gorago igoko gara, balkoira, eta bertan zer gertatzen den ezagutuko dugu. Zer sentitzen du bertsolariak han goian?

Uda giroko epeltasunean, udazkeneko euri tanten azpian edota neguko hotzean, urte sasoi guztietan antolatzen dira balkoitik balkoirako bertso saioak; zer esanik ez gure herri maite honetan! Balkoitik balkoirako saioak askotan librean izaten dira eta horregatik ohikoa da bertsolariek aurrean ikusten dutenari kantatzea, testuinguruari, plazari, jendeari, atrezzoari... gaurkotasuna duten gaiei ere tartea egin ohi diete, noski.

Bi bertsolari Asteasuko udaletxeko balkoian

Xenpelar Dokumentazio Zentroko artxiboen artean, argazki deigarri bat aurkitu dugu eta bertan ageri dira Pello Errota eta Joxe Bernardo Otaño bertsolariak Asteasuko udaletxeko balkoian. Hari horri tiraka Haritz Mujikarekin elkartuko gara balkoi horretan bertan. Pello Errota asteasuarra hil zela ehun urte beteko dira eta urteurren seinalatu hau ospatzeko zer antolatu duten galdetuko diogu. Behin balkoira igota bertso bat kantatu beharko da, ezta?2018-11-11, HH_07

Algortan ohitura da uda sasoian balkoitik balkoirako bertso saioa egitea. Ekainaren 22an izan zen saioa Algortako portu zaharreko Etxetxu plazan eta Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. Saran, aldiz, herriko bestetan izan zen bertso saioa irailaren 12an; han Aitor Servier, Amets Arzallus eta Maindi Murua bertsolariek kantatu zuten. Eta, urriaren 7an Oñatin izan ziren bertsotan Agin Laburu eta Iker Zubeldia. Hiru saio horietako bertsoaldiak entzungo ditugu igandean Hitzetik Hortzeran.

Igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean ikusi ahal izango dugu hori guztia; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EITB Nahieran atarian.

Haritz Mujika bertsolariarekin izango gara igandeko programan.