Babesa Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor bertsolariei

2014/02/17
Bertsozale Elkarteak bere babesa azaldu nahi die Entzutegi Nazionalean inputatuta otsailaren 24an eta 25ean epaituko dituzten Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor bertsolariei.

Bertsozale Elkarteak bere babesa azaldu nahi die Entzutegi Nazionalean inputatuta otsailaren 24an eta 25ean epaituko dituzten Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor bertsolariei.

Bi bertsolariak epailearen aurrera deitu zituzten 2013ko martxoan, Gasteizko Alde Zaharreko ZAHARRAZ HARRO jai herrikoietako egitarauaren barruan, 2012ko ekainaren 30ean, egin zen preso eta iheslarien senideen omenezko kalejiran bertsoak kantatzeagatik. Orain, otsailaren 24an eta 25ean epaituko dituzte, ekimen berean parte hartzeagatik inputatutako beste hamaika lagunekin batera.

Bertsozale Elkartea osatzen dugun gizon-emakumeok uste dugu pertsona guztien iritzi eta pentsamenduak libreki adierazi ahal izatea eta errespetatzea ezinbestekoa dela, eta salatu nahi dugu libreki adieraztea eta sortzea galarazten duela egoera honek. Adierazpen askatasuna urratu eta euskarazko kulturgintzari zuzenean erasotzen diola uste dugu.

Egoera hau ez da berria, bertsolariek garaian garaiko eta tokian tokiko gertakizunen gainean kantatu izan dute beti, haien sentimendu eta pentsamenduak adieraziz. Horregatik, beharbada, beren jarduna jazarria izan da historiako hainbat momentutan. Garai horiek gainditutzat genituenean etorri da bertsolarien kontrako eraso zuzen hau.

Kultur jardun batengatik kartzelaratzeko mehatxua benetan larria da, guztiz onartezina eta irmoki salatu nahi duguna. Kulturak, biziko bada, ezinbestekoa du sortzaileak bere sentimendu eta pentsamenduak libreki adieraztea, eta epaiketa prozesuak berak dagoeneko baldintzatu egiten du adierazpen askatasuna. Adierazpen askatasunik gabe kulturak ez du etorkizunik.

Ohar honen bidez, gure elkartasuna adierazi nahi diegu epaituko dituzten bi bertsolariei eta haien senideei, eta kargurik gabe aske gera daitezen eskatzen dugu. Ez dugu onartuko era honetako mehatxurik, zentsurarik ezta zigorrik ere. Bertsoa aske, kultura aske.

 

Bertsozale Elkartea