Babes Kutxa: urrats txiki bat sortzaileen baldintzak duintzeko bidean

2025/03/28
Administrazio publikoak baditu mekanismoak soldatapeko langileen ezintasun puntual edota behin-behinekoen aurrean erantzuteko. Kultur sortzaileen kasuan, ez. Babes Kutxarekin egoera horri erantzun nahi dio Bertsozale Elkarteak.

Lanarteak 2025eko urtarrilean argitaratutako Euskal Artisten Lan eta Baldintzen I. Inkesta kuantitatiboaren emaitzek oihartzun bezain beste dardara eragin zuten. Jakina baina isilpekoa denari bozgorailua jartzean gertatu ohi da. Euskal sortzaileen egoera prekarioa dela gordinki erakusten dute datuek. “Kultur eremuan dagoen prekarietateaz jakitun gara, eta guk gure eremuan eragiteko aukera eta beharra ikusi dugu, eta horri heldu diogu”, azaldu du Udane Mugerza Salegi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak eta gaineratu du: “Bertsozale elkartearen eginbeharra da bertsolarien, gai-jartzaileen, eta, oro har, sortzaileen lan baldintzak duintzea eta babestea. Sortzez ere halaxe izan zen eta urteak dihardu eginahal horretan”. Guzti horretan bidelagun izan dugu Lanartea.

Udane Mugerza, sustapen eragilea: “Bertsozale elkartearen eginbeharra da bertsolarien, gai-jartzaileen, eta, oro har, sortzaileen lan baldintzak duintzea eta babestea”

Bide berriak urratzeko nahia eta ardura begi onez ikusten ditu Unai Iturriaga bertsolariak: “Momentu honetan bertsogintzaren parte garrantzitsua gara jardunean gabiltzan bertsolariak. Bertsozale Elkarteak guganako kezka izatea eta proposamenak egiteko ardura hartzea ondo ikusten dut”.

Sortzaileek lan egiten dutenean egoera prekarioa dute, baina are okerragoa da lanik egiten ez dutenean. Mugerzak argi du saio kopurutik harago eragin behar dela: “sustapenaz ari garenean, ez gara soilik sustapen kuantitatiboaz ari, baita sustapen kualitatiboaz ere; ahalik eta saio gehien antolatu baino, nola eta nolako saioak antolatzen dira? Ze baldintzatan? Horri ere erreparatu nahi diogu; badagokigu eremu horretan ere eragitea. Eta hor kokatzen dugu Babes Kutxa”. Argi du: “oraindik asko dago egiteko”. 

Baina, zer da Babes Kutxa?

Diru poltsa bat da, finean. Irizpide sorta baten baitan, sortzaileen ezintasun puntual eta behin-behinekoei erantzuna emango diona. Labur esanda, soldatapeko langileekin gizarte segurantzak betetzen duen funtzioa beteko luke.

Adibide batekin lurreratu du Mugerzak: “soldatapeko langile batek laneko istripua izan badu, ekarpen ekonomikoa edukiko luke lana egin ezin duen tartean. Sortzaileen kasuan, aldiz, ez da horrela. Afoniko jartzen bada edo ahotsik gabe geratuko balitz, asteburu horretako saioak ez egiteagatik hilabete horretako diru sarreraren zati handi bat galduko luke”. Babes Kutxarekin egoera horri erantzun nahi zaio, bertsolariak edo gai-jartzaileak saiora joan ezin duenean, diru sarrerarik gabe geratu ez dadin.

Unai Iturriaga, bertsolaria: “Berri ona da: praktikoki izan dezakeen ekarpenagatik, baina baita arazoa bistaratzeagatik ere”

Iturriagak azpimarra jartzen du baldintza horiek oinarrizko eskubide beharko luketenaren ideian: “Babes Kutxarekin ari gara hitz egiten edozein langilek izan ditzakeen arazoez: gaixotasunak, zaintzak… Langile baten kasuan ez dira sindikatuaren bizkar geratzen, beste bide batetik ziurtatuta ditu eskubideok eta ez dira zalantzan jartzen”. Iruditzen zaio premia hauek ere soldatapeko langileek dituzten bideetatik estali beharko lituzketela, baina, hala ez denez, Bertsozale Elkarteak erantzun izana ondo ikusten du, besteak beste “martxan jartzeak berak hutsunea bistaratzen duelako”.

Bertsolariek, hainbat arrazoi medio, horrelakoak eskatzeko eta onartzeko zailtasunak izaten dituztela gaineratu du Iturriagak. Izan nolabaiteko independentzia eduki nahi dutelako, lanera gaixorik joatearena barneratua dutelako… Horri erantzunez eta kudeaketa errazte aldera, zuzenean eskatu gabe emango da babes prestazio hau. Iturriagak autokritika ere egiten du: “Nik uste dut gure burua teorikoki ez ezik, praktikoki langile moduan ikusteko ezinbestekoak direla halako elementuak. Gure buruari ere galdera hori egitera eramaten baikaitu: baldintza horietan joan behar al dut?”

Babes Kutxa Lanku eta Elkartearen bidez lotutako saioetan egikarituko da. Orduan, neurriak ez lioke errealitate osoari erantzungo, Lankuren eta Elkartearen bidez antolatutako saioak plazaren %35 baitira. “Nik uste dut berri ona dela hori martxan jartzea: bai praktikoki izan dezakeen ekarpenagatik, baina baita arazoa bistaratzeagatik ere”, amaitzen du Iturriagak.

Udane Mugerza sustapen eragilea eta Unai Iturriaga, Babes Kutxaren inguruan solasean.