Azpeitian izango da 2023ko Bertso Eguna

2022/11/22
Urtarrilaren 28an izango da. Pandemia aurretik izan ohi zen bezala, egun osoko plana antolatuko da. Laster emango ditugu xehetasun gehiago.

Bertsolari Txapelketa Nagusiak oraindik badu urratzeko bidea, baina urte hasierako ohiko hitzordua prestatzeari ekin dio Bertsozale Elkarteak: 2023ak ere izango du Bertso Eguna, eta urtarrilaren 28an egingo da. 2018tik ibiltaria da Bertso Eguna, urtero aldatzen da lekuz, eta 2023koa Azpeitian egingo da. Azpeitiko Udalaren eta herriko hainbat elkarteren laguntza izango du.

Egun osoko plana ari gara antolatzen, pandemia aurretik egin ohi genuen bezala. 11:30ean elkartu eta kalez kaleko poteoa egingo da, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egingo dira zenbait elkartetan: Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan. Gainera, gustu guztiak asetzeko moduan, mota ezberdineko bertso saioa eskainiko da horietako bakoitzean: libreko saioak, bertso saio musikatuak edota gaiekin eta bertso jarriekin osatutakoak. Arratsaldean poteoa izango da, eta 21:00etan afaria eskainiko da Elikagunean. Afalostean izango da bertso ekitaldia Elikagunean bertan.

Aurrerago emango da eguerdiko bertso saioen eta afalosteko ekitaldiaren berri xehatua, baita bertsolarien izenak ere. Halaber, urtea bukatu aurretik jarriko dira Bertso Eguneko saio hauetarako txartelak salgai.

Bitartean, gozatu bertso plazaz eta txapelketaz!

2018tik Euskal Herri osoan zehar

1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria. Hasiera batean, Bertsolari Eguna izena hartu zuen, eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zen. 1987an Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura, betiere Donostiako Udalarekin elkarlanean. 1995ean omenaldi kutsua alde batera utzi eta bestelako itxura hartu zuen egunak; izena ere aldatu zitzaion, eta Bertso Eguna izatera pasa zen.

Donostian egin zen urte luzez, eta 2017ko etenaren ondotik eta 2018tik aurrera, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da egun, Bertsozale Elkartearen oinarrizko helburuekin bat eginez: herrialde osoan eragitea. Pandemiak eraginda 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunak egin ahal izan genituen. 2023an, urtarrilera eta egun osoko planera itzultzea da asmoa.