Azaroko BertsoZalea jaso duzu?
Haizea dator ekimenak hartu du azaroko berripaperaren azala. Bertsularien Lagunak elkartetik gazteei plazak eskaintzeko helburuz antolatutako ekimena da; urrian izan zen lehen saioa, eta ikasturte osoan zehar izango dira saioak.
Ikasturte osoko begiradarekin urrunera joan gabe, ordea, bertatik bertara hainbat ekimen ditugu abenduan. Abenduaren 5etik 8ra Durangoko Azokan izango gara eta gure eskaintzaren berri emateko baliatu dugu berripapera. Bezperan, abenduaren 4an, bertsolaritzari buruzko ikerketak ezagutzeko hitzaldi sorta antolatu dugu Amasa-Villabonako Subijana etxean Mintzola Ahozko Lantegitik; mamiaren ingurukoak labur-labur dakartza aleak eta informazio gehiago nahi izanez gero, www.mintzola.eus atarian topa daiteke egitaraua xehatuta. Eta hilabetea amaitzeko, Ahots Baten sormen egonaldia: abenduaren 26tik 30era izango da antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura elkartzen dituen egitasmoa, eta hura gogorarazten digu aleak. Eta nola ez: potofinixa, bertsoa, kopla laburrak... horiek ere baditu berripaperak.
Posta arruntaren bitartez bide luzeagoa egiten badu ere, zenbait bazkidek posta elektronikoz jaso dute BertsoZalea berripapera kaleratu eta berehala; aldaketa egin nahi duten bazkideek horretarako aukera daukate, helbide elektronikoa adierazteko mezua komunikazioa@bertsozale.eus helbidera idatzita.
Konturatzerako iritsiko zaizu abendukoa ere, bazkide.