Aurkeztu da aurtengo ikasturteko Bertsotruk
Portugaleten aurkeztu zen Bertsotruk ekimenaren bigarren edizioa eta han izan ziren bertso eskola parte-hartzaileak. 27 talde osatu dituzte bertso-eskolek eta hauek 3 taldeko 9 multzotan ariko dira:
- Bilbo - Bortziriak - Urretxu/Zumarraga
- Debagoiena - Larrabetzu/Mungia - Lasarte-Oria
- ALBE - Irun - Zarautz
- Barañain - Gernika-Lumo - Oñati
- Erniarraitz - Durangaldea - Gasteiz
- Aramaio - Goierri - Orio
- Hernani - Markina-Xemein - Sakana
- Aiaraldea - IEH (Ipar Euskal Herria) - Leitza/Lekunberri
- Enkarterri - Harituz - Iruñea
Iazko formatuari jarraituz, bertso eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartuko ditu etxean, eta era berean, beste bi bertso eskolek antolatutako ekitaldira joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso-saio formala, bertso-bazkaria, bertso-antzerkia...
Bertso eskolen arteko harremanak sustatu asmoz, iaz jarri ziren martxan bertso eskolen arteko desafioak Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordearen eskutik, eta balorazio ona izan zuen ekimenak: 30 saio egin ziren Euskal Herriko hainbat txokotan.
Bertsoan jarraitu ahal izango dira norgehiagoken nondik norakoak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak osatutako Bertsolaritzaren Datu Basean topatuko duzue hitzorduen agenda.