Aurkezle mihiluzea Hitzetik Hortzeran
Denboraldi berria hasiko du aste honetan Hitzetik Hortzerak eta Ilaski Serrano aurkezle ezaguna izango da lehen gonbidatua. Euskal Herriko txoko guztietan ezaguna da Ilaski Serrano, azken 25 urtean egindako telebista saio guztiekin sartu baita jendearen etxera.
Lanbidea eta komunikazioa bizitzeari buruz arituko dira solasean Mirari Martiarena eta biak.
Horrez gain, Mihiluzeren bigarren denboraldia izango dute hizketagai. ETB1eko lehiaketa ezagunak egindako ibilbideari errepasoa eginez eta duen arrakastari buruz hitz egingo dute. Eta nola ez, bertsoa eta bertsolaritza izango dituzte hizpide. Izan ere, Ilaski bertsozalea izateaz gain 2022ko Txapelketa Nagusiko zuzeneko emanaldiak aurkeztu zituen ETB1en Jon Martinekin batera.
Plentzia eta Muetzeko jaialdiak
Bi jaialditako bertsoaldiez gozatzeko aukera izango dugu berriz ere Hitzetik Hortzeran. San Antolinetako bertso-jaialdia egin zen Plentzian eta bertan kantuan aritu ziren Sustrai Colina, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio. Erlantz Ibargurengoitiak egin zituen gai-jartzaile lanak.
Muetzen berriz, Amaia Agirreren esanetara aritu ziren Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus eta Julio Soto.
Bertso jarri musikatuak
Denboraldi honetan bertso jarri musikatuak ere izango dute euren tartea Hitzetik Hortzeran. Lehen programa onetan Joanes Illarregik jarritako bertsoak entzungo ditugu. `Presari´ jarri dizkio leitzarrak bertsoak eta alboan izan ditu Eneko Sierra eta Beñat Atxustegi musikariak.
Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en.