Atzerriko ikerlari eta inprobisatzaileak Mintzolan

2013/12/13
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala zuzenean jarraituko dute igandean Euskal Herriko zein atzerriko hainbat ikerlari eta inprobisatzailek. Horren berri eman asmoz, agerraldia izan da gaur Mintzola Fundazioaren egoitzan. Mintzola Fundazioko patronatu kideak eta Kuba, Mexiko, Estatu Batuak eta Euskal Herriko inprobisatzaile eta ikerlariek hartu dute parte.

Mintzola Fundazioak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren harira, abenduaren 15erako, antolatu den Terraza Zientifikoaren berri eman du gaur.

2008an sortu zenetik, Mintzola Fundazioak ahozko tradiziotik euskararen ahozkotasunean eragitea du ardatz, bi helburuon bidez: ahozko tradizioaren behatoki dinamikoa izatea eta gaur egun gizarteak dituen beharrizanei erantzutea. Gaurko gizartean ematen diren ahozko kultur sorkuntzak ardatz hartuta, Mintzola, Bertsolaritzaren Ikertegia eta Ahozko Kultur Sorkuntzan ari diren genero bizien Elkargunea da.

Bertsolaritzaren Ikertegiaren bidez, besteak beste, Munduko Kantu Inprobisatuaren inguruan ari da lanean Mintzola. Bertsolaritzaz gain munduan dauden beste kantu inprobisatuak ezagutarazi eta elkarren arteko trukea sustatu nahi da. Batetik, beste ahozko inprobisazio kantatuen esperientzietatik ikasteko; eta bestetik, bertsolaritza, eta berarekin euskara, munduan ezagutarazteko.

Andoni Egaña bertsolariak azaldu duenez, Mintzolako Munduko Kantu Inprobisatuaren atalak Bertsozale Elkarteak aspaldi irekitako harremanetan ditu sustraiak. 1995 eta 1997an dezimistekin izandako harremanekin hasi, eta helburu honekin ere idatzi ziren “Bat-bateko bertsolaritza” liburuak lau hizkuntzatan 2002an. Urtebete geroago Renoko Ikertegiak antolatutako jardunaldietan bertsolaritzaren ordezkaritza izan zen, eta 2003an, urte beraren amaieran, Bertsozale Elkarteak antolatu zituen kulturarteko topaketak, munduko leku ugarietako inprobisatzaile eta ikerlariekin: Kuba, Mexiko, Argentina, Georgia, Katalunia, Mallorka, Menorka, Portugal, eta ahalegindu arren, egon ezin izan zuten Amazigh eta marokoarrak.

Ideia berarekin parte hartu da hainbat herrialdeetako jardunaldietan, eta etorkizunean Euskal Herrian egin nahi dira berriro ere Kulturarteko Jardunaldiak, gurera etorrita elkar ezagutu, aberastu, eta gurea munduan ezagutarazteko.

Egun, Mintzola Fundazioarekin bide horretan urratsak emanez, Txapelketa Nagusiaren finala aitzaki hartuta, antolatu dira urritik martxan diren Munduko Kantu Inprobisatuari buruzko Jardunaldiak Mintzolan, eta gaur aurkeztu den Terraza Zientifikoa: Bertan, Euskal Herriko hainbat ikerlariekin batera, munduko leku ezberdinetatik etorri diren ikerlari eta inprobisatzaileak izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ikusten: Kuba, Mexiko, Estatu Batuak, Gales, Katalunia eta Mallorkatik etorri dira. Guztira, 38 kide inguru izango dira.

Egun horretan zehar izango den bertso-sorkuntza berehala itzuliko da hiru hizkuntzatara: katalana, gaztelania eta ingelesa, eta egun osoan zehar saioari buruzko iritziak eta jakin-minen inguruan jardungo dugu elkarrekin. Bertsolari Txapelketako Finalaren aitzakian, Mintzola izan nahi da guztion topaleku.

Hainbat ikerlari eta aditu gerturatu dira aurkezpenera. Andoni Egañarekin batera gaurko agerraldian hizlari izan dira: Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; Ana Zarina, ikerlari eta trobadore mexikarra; John Zemke, Estatu Batuarra. Ikerlaria eta Missouriko Unibertsitateko Center of Studies in Oral Traditioneko Zuzendaria; Patricia Tápanes, soziologian aditua den ikerlari Kubatarra eta Jone Miren Hernández, Euskal Herria. Ikerlaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Antropologia irakaslea.

Mintzola Fundazioaren aurkezpen ekitaldia Amasa-Villabonan