Atsedenaldia Bertso Egunean

2016/12/14
2018an itzuliko da Bertso Eguna; aurrerantzean Euskal Herrian zehar mugituko den egitasmo ibiltaria izango da.

Naturan gertatzen den moduan egitasmoek ziklo propioak dituzte. Egokitzapenak edo arnasaldiak beharrezkoak dira proiektuak garaietara egokitu eta aurrera egiteko. Horixe da Bertso Egunaren egungo egoera: ziklo bat ixten eta  berri baten atarian aurkitzen da. 

Arnasaldi bat hartu eta datorren urtean Bertso Eguna ez ospatzea erabaki du Bertsozale Elkarteak. Ekimenaren 47 edizio Donostian ospatu ostean 2018. urtetik aurrera Euskal Herrian zehar ibiltaria izatea nahi da. 

Urte hauetan guztietan Donostiako Udalarekin lankidetzan aritu da Bertsozale Elkartea eta biziki eskertu nahi du Donostiako Udalak Bertso Eguna gauzatzeko eskainitako laguntza zein hartu berri den erabakia ulertu eta pausoa emateko izandako eskuzabaltasuna. 

Aurrerantzean ibiltari 

Euskal Herri guztian eragin nahi luke Bertsozale Elkarteak, lurraldetasun irizpideari lehentasuna emanez. Horretarako, arnasaldiaren ostean, 2018. urtean itzuliko da Bertso Eguna. Urtero Euskal Herriko herri batean egingo da, alegia, herrialdez herrialde eta herriz herri ibiltaria izango da ekitaldia. Urte garaia mantentzeko asmoa du Bertsozale Elkarteak; hasiera batean urtarrileko azken asteburuan ospatuko da urtero. 

Bertsozale Elkarteak aurreratuak ditu lanak, ari da lantzen Bertso Egun ibiltariaren lehen edizioaren gaia eta zehaztasun gehiago dituenean emango ditu azalpen guztiak. 

47 ediziotan Bertso Eguna asko aldatu da, garai ezberdinak izan ditu: bertsolariak omentzen ziren hasiera batean, ondoren, 1995. urtetik, saio esperimentalak eta tematikoak landu dira eta, orain, beste etapa baten atarian aurkitzen da. 

Plaza ederra da Donostiakoa eta aurrerantzean ere bertsolaritzaz gozatzeko aukera dezente izango ditu bertsozaleak Donostian. 

Bertso Eguna ibiltaria izango da 2018tik aurrera.