Astelehenean zabalduko ditu ateak Bertsoa Unibertsitatean eskolak
Uztailaren 6tik 10era bertsolaritza eta ahozkotasunaren topagune izango da Miramar jauregia.
EHUko Uda Ikastaroekin elkarlanean, Mintzolak Bertsoa Unibertsitatean egiten duen bigarren aldia da, eta bi ikastarok osatzen dute aurtengo programa: batetik, Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan izeneko ikastaroa eskainiko da uztailaren 6an eta 7an, eta Bertsolaritzaren Bidegurutzeak izenekoa uztailaren 8tik 10era.
Lehenak ahozkotasunaren esparru zabalagoa hartu, eta bertsolaritza, ipuingintza eta kantagintza izango ditu hizpide. Horiek guztiak hezkuntza arautuan nola landu hausnartuko da, eta horretarako arloko adituak bilduko dira, Inma Muñoa edota Jaione Eskudero adibidez. Bi goiz hartuko ditu egitarauak eta astearte arratsaldean performance bat ere izango du, Ainhoa Ansa kantaria eta Igor Elortza eta Uxue Alberdi bertsolarien eskutik.
Bigarrenak bertsolaritzan jarriko du begirada. Ideologikoki, transmisioaren aldetik eta ikerkuntzari dagokionez, bertsolaritzak dituen erronken gainean egingo da gogoeta. Hiru goiz hartuko ditu ikastaroak. Jexux Muruak, Maialen Lujanbiok eta Jon Sarasuak hartuko dute parte besteak beste, baita BCBLeko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) Kepa Paz ikertzaileak ere; bertsolarien garuna aztertzeko burututako ikerketaz jardungo da bera.
Izena emateko aukera dago oraindik, eta inprimakia eta informazio gehiago www.mintzola.eus atarian topatuko dituzue.