Astelehenean amaituko da Eskolarteko jaiko bazkarirako txartelak eskuratzeko epea

2017/05/24
www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai, 16 euroren truke. Ekainaren 10ean izango da Euskal Herriko Eskolarteko jaia, Saran.

Euskal Herriko Eskolartekoak egun handia izango du ekainaren 10ean. Orduan gauzatuko da Saran Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko finala eta haren segidan bazkaria eta emanaldia ere izango dira.

Bazkarirako txartelak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian eta maiatzaren 29ra arte izango da horiek eskuratzeko aukera, 16 euroren truke. Idokiren eskutik antolatutako bazkaria da Lur Berrin eskainiko dena. Eskuratu zeure txartela lehenbailehen!

Egun osoko festa

11:00etan ekingo zaio Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko finalari Sarako trinketean. Bizkaiko ordezkariak ekainaren 3an zehaztuko dira Markina-Xemeinen ospatuko den Bizkaiko Eskolarteko finalean. Haren faltan, hauek dira zehaztutako parte-hartzaileak: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo eta Aitor Ugarte Eriz; Baxenabarretik, Elixabet Etxandi Goyenetche eta Oier Urreizti Lafitte; Gipuzkoatik, Oihana Arana Kardenal eta Jokin Irastorza Zabalegi; Lapurditik, Julene Etxeberri Pacheco eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta; Nafarroatik, Joanes Illarregi Marzol eta Xabat Illarregi Marzol; eta, Xiberoatik, Haritz Capot Thornary.

14:30ean bazkaria eskainiko da eta haren ondotik, emanaldia eskainiko dute Iñaki Viñasprek eta Odei Barrosok, rap freestylean.

Amai dezagun ikasturtea behar bezala: anima zaitez!

2015ean Orion egindako Euskal Herriko Eskolarteko jaian eskainitako bazkaria. / XDZ