Asteburu honetan hainbat gazte joango dira Bertso Udalekuetara
2016/07/19
Uztailaren 22an Irañetan eta uztailaren 23an Bidarrain eta Muxikan abiatuko dira udalekuak.
Orioko egonaldiak eman zien hasiera denboraldiko Bertso Udalekuei; asteburu honetan beste hiru txandak hartuko dute lekukoa: Irañetak (Nafarroa), Bidarraik (Behe Nafarroa) eta Muxikak (Bizkaia). Lehena ostiralean, uztailaren 22an, hasiko da eta beste biak larunbatean, uztailaren 23an.
Guztira, hiru txandetan, 12-18 urte bitarteko 100 bat gazte izango dira – gazteenak Irañetan eta helduenak Bidarrain -. Udalekuetan ohiko izaten diren jolas, irteera eta barreei, bertsolaritzari eta ahozko sorkuntzari loturiko ekintzak gehituko zaizkie egonaldi hauetan.
Abuztuaren azken egunetan izango da azken txanda, Zuhatzan (Araba).