Asteartean aurkeztuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia

2017/09/06
Irailaren 12an egingo da prentsaurreko agerraldia Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. 11:00etan izango da hitzordua. Han eskainiko dira aurtengo txapelketako xehetasun guztiak.

Hilabete honetan bertan hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta haren inguruko informazioa emateko prentsaurrekoa eskainiko du Bertsozale Elkarteak datorren asteartean, hilaren 12an. 11:00etan izango da agerraldia, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. Bertan parte hartuko dute Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari den Iñaki Murua Jauregik eta lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariek: Alaitz Rekondo Ferrerok, Asier Ibaibarriaga Apoitak, Ekaitz Elorriaga Anduagak, Saroi Jauregi Aiestaranek eta Xumai Murua Berrak, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoako Bertsularien Lagunak elkarteetako lehendakariek, hurrenez hurren. Talde antolatzaileko kide den Jokin Castaños Gonzalez ere izango da prentsaurrekoan.

Uda aurretik aurreratu moduan, irailaren 23an hasiko da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia Baigorrin eta abenduaren 17an amaituko da Barakaldon; tartean, beste 12 saio izango dira. 43 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan.

Irailaren 23an Baigorrin hasi eta abenduaren 17an amaituko da Barakaldon. / Argazkia: Gari Garaialde