Arrazolako udalekuan izan dira bertsolariak
Abian dira bertso-udalekuak. Pasa den astean Irañetan izandako txandaren bideoak jasotzen du, ezin hobeto, 17.edizioa duten udaleku berezi hauen izaera: www.bertsoa.com atarian dago ikusgai, proiektua ezagutu nahi duten haur, guraso zein bertsozaleentzat.
Aste honetan Arrazolako txandan daude 40 haur eta 9 begirale-sukaldariko lantaldea. Ez dira falta zientzia esperimentuak, gaubela bereziak, txangoak, jolasak. Asteartean Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariak bainujantzitan ezagutzeko aukera izan zuten haurrek.
Asteazkenean, Oskar Estanga bertsolari eta musikariaren eskutik txandako kantua sortu eta kantagintza tailerra egin zuten. Hezkidetza ere berariaz ari dira lantzen, Iosu Isaias begiraleak gidatutako dinamika bereziekin. Emakunderekin elkarlanean emandako pauso berritzailea da, hain zuzen, bertso-udalekuetako txanda guztietan landuko diren hezkidetza tailerrak.
Larunbatean etxeratuko dira arrazolatartuak, eta igandean Orioko txandak hartuko du erreleboa.