Arrain saltzaileen ahozko tradizioa, Hitzetik Hortzeran

2020/09/24
Bazenekien arrain saltzaileen inprobisazio lehiaketak antolatu zituztela duela 90 urte Donostian eta Bilbon? Aztarna horri jarraika joango gara Bilbotik Santurtzira, eta hango azken sardina saltzailea ezagutuko dugu, Begoña Martinez Agirre, Xabi Payaren eta Carlos Glariaren azalpenez lagunduta. Aste honetan igandean izango da Hitzetik Hortzera: 15:00etan, ETB1en.

Duela 90 urte, 1930.urtean, ekimen oso berezia antolatu zuten Bilboko Plaza Barrian: arrain saltzaileen inprobisazio lehiaketa. Donostian egin zuten lehenengo, Trinitate Plazan, eta, ideia gustatuta, jaien egitarauan sartu zuten ondoren bilbotarrek. Arrain saltzaile guztiak emakumezkoak ziren, eta saltzeko gaitasuna eta inprobisaziorako eta erantzuteko azkartasuna baloratzen zitzaizkien lehiaketa haietan.

Xabi Payarekin elkartu gara lehiaketa haietaz gehiago jakiteko, eta igandean izango dituzu xehetasun guztiak, Hitzetik Hortzeran. Bertsolaritza ez bada soilik txapelketa, arrain saltzaileen tradizioa ere ezingo dugu mugatu lehiaketa bakar batera. Hala, Begoña Martinez Agirre ezagutuko dugu, Santurtziko azken sardina saltzailea. Berak, eta Carlos Glaria herriko historialariak, kontatuko digute nolakoa zen sardina saltzaileen eguneroko bizimodua eta ahozkotasuna.

Bertsoaldi kuttuna, Berriztik

Igandeko programan Berrizko bertso eskolako kideekin elkartuko gara. Bertsoaldi kuttunaz galdetuta, 2019ra eramango gaituzte. Zein ote?

Eta plaza berriagoak ere bai, noski: Atarrabiako eta Donostiako saioetan izandako aleak ekarriko ditu etxeko plazara Hitzetik Hortzerak.

Adi: aste honetan, IGANDEAN, izango baita Hitzetik Hortzera, 15:00etan, ETB1en.

Begoña Martinez Agirre, Santurtziko azken sardina saltzailea.